Iñaki Irisarri: Inframundua

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2016ko urr. 13a, 17:54

Lurpeko mundu sakona guztiz esploratu gabea zen duela gutxi arte, ingurune misteriotsu bat, alde ilun eta ezezaguna.

Jakina, ez dago ezezaguna bezalakorik gure beldurrak eta irudimena akuilatzeko, eta, horrela, gure arbasoak erabat sinetsita zeuden izaki misteriotsuen bizilekua zirela kobazuloak eta leizeak. Baina gizakion jakin-minak ez du etenik bere aurrerabidean, eta sator-lanean hasita, lurpeko mundu zoragarria deskubritu genuen aspaldi batean.

Espeleologiaren mundu liluragarrian ibili nintzen duela hogeita bost bat urte. Modu bitxian hasi nintzen orduan. Lagun batek eta biok izena eman genuen Aralarren egitekoa zen mendi-ikastaro batean, eta hara ailegatu orduko konturatu ginen espeleologia-ikastaro batean izena emanda geundela. Ez zitzaigun damutu, eta azkenean urteak eman genituen mundu berezi hura ezagutzen.

Lurraren azaleko edertasunaren ezkutuko aldea da lurpeko mundua. Hori ikasi nuen orduan. Baso ederrak ikusten badituzu nonbait, erreka bihurriak, iturburu freskoak, lurpeko mundu ilun eta heze horri esker da, hark elikatzen baitu lurraren gaineko berdetasun eta oparotasun hori guztia.

Eta gogoan dut, bestalde, hezurrak ere maiz aurkitzen genituela. Inozo samarrak ginen orduan, eta amildutako aziendarenak izanen zirela uste genuen. Orain, Gazteluko Legarrea leizean aspaldi eta ez hain aspaldi gertatutakoak jakinda, beldur naiz ez ote genuen zapaldu, batzuetan, gizakion alde krudelena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!