Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Korrikalari bakartiak

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017-04-03 17:15   Iritzia

Agur. Ilunabarrean korrika eginen dut Legasan. Gogoz nabil. Izan ere, euskararen aldeko lasterraldiak irudi ederrak utzi dizkigu egunotan: hasiera jendetsua Otxandion, ortzadar gibelean zuen Mendigorriako tropela edota Baionako harrera beroa. Halere, ez dira hauek nire irudi kuttunenak.

Nahiago dut Erriberako gau ilunean bikote bakartiak egindako lasterraldi itxaropentsua; nahiago dut Uztarrozetik Itzaltzura Lazako mendatea igo eta jaitsi zuten zoroen euripeko korrikaldia. Horien oihuek bereziki motibatzen naute.

Egia da Korrika ekimen kolektibo, anitza eta koloretsua dela. Milaka pertsonen elkarlana behar da horrelako erronka erraldoiari aurre egiteko. Lekukoa eskutik eskura pasatuko da Otxandiotik Iruñera hamar egunetan, parte hartzaile ugariren izerdien artean.

Zernahi moduz, niretako, Korrikaren alderik motibagarriena da gau ilunean eta euripean euskararen alde garrasi egiten duten horiena. Beharbada, irudi hori da behar dugun kemenaren erakuslea euskarak aitzinera egin dezan.

Korrikako parte hartzaileek euskararen aldeko konpromiso kolektiboaren irudia osatzen dute; baina, korrikalari bakarti horiek konpromiso pertsonalaren ikurrik nabarmenenak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa