Gizateria, gizonkeria zakar hutsa?

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017ko mar. 6a, 16:35

Agur. Gizakiak dena nahi du beretako; jateko edota saltzeko balio duen guztia gure mendean nahi dugu. Zernahi preziotan biziraun nahi dugula ematen du, baina ez dugu oso argi bizirauteko zein balio esleitzen diegun gainerako izakiei.

Animaliak eta landareak gure azpiko kategoriatan sailkatu ohi ditugu. Halere, txarrena da gizakiongan ere azpikategoriak daudela. Nazioarteko eskubideei erreparatuz, herrialde guztiek ez dizkiete aitortzen eskubide berberak gizaki guztiei.

Nabarmena da munduko herrialde anitzetan emakumeen eskubideak gizonezkoenak baino murritzagoak direla. Horrez gain, emakumeei gizonezkoen eskubide berberak aitortzen zaizkien lurraldeetan, berdintasun eza agerikoa da enpleguan, soldatetan, ikasketetan eta kiroletan.

Aurreko egunean, Europako Parlamentuan sekulakoak eta bi aditu nizkion Poloniako hautetsi bati: ultraeskuindar horren aburuz, emakumeak bigarren mailako gizaki dira. Europako pertsona prestatuenak egon behar diren instituzioan horrelakoak entzutea etsitzeko modukoa da.

Halere, inposatu nahi diguten sistema bortitzari ezin diogu onartu ezta kakots bat ere. Emakumeen kontrako bortizkeria salatzeaz gain, eguneroko arinkeriak, mespretxu ttipiak eta bazterkeria oro agerian utzi behar ditugu; bertzenaz, gizateria gizonkeria zakar eta bortitz hutsa izanen baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!