Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Denak pozik?

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2017-04-05 16:00   Iritzia

Hiru urte luze joan dira bideo batean Ram Manikkalingam eta Ronald Kasrils Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak ETAren arma batzuk zigilatzen ikusi genituenetik. Alderdi politiko gehienen orduko adierazpenek ildo berdina jarraitu zuten: Armagabetzea ahalik eta azkarren burura eraman behar du ETAk.

Hiru urte hauek arraroak izan dira. Nazioarteko Egiaztatzaileak Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitzeak edota armak baliogabetzen ari ziren bakearen artisauak atxilotzeak armagabetze prozesua zaildu besterik ez dute egin. Baina, zailtasunak zailtasun, hiru egun barru, larunbatean, ETAk amaitutzat emango du armagabetze prozesua.

-Listo! Amaitu da borroka armatua.
-Denak pozik!
-Goazen ospatzera!
(Nire etxean, behintzat, pozteko berriak ospatu egiten baititugu.)

Bada, ez! Alderdi eta sindikatu gehienek diote ez dutela ospakizunik nahi. Ez erromeriarik eta ezta folklorerik ere. Baionako argazkietan serio agertzeko asmoa dutela.

Urkullu jaunari aspaldi nabaritu genion festarako ez zuela gogo handirik. Baina besteok zer? Zertarako erreprimitu nahi duzue zuen poza?

...

Larunbatean jokaleku politikoa aldatuko da. Aukera eta arrisku berriak etorriko dira. Eta hemendik aurrera, herritarrok protagonismo eta ardura berriak gure gain hartu beharko ditugu.

Nik argi dut. Larunbatean armagabetzearen amaiera ospatu nahi dut, berria poztekoa delako eta datozen erronkei ilusioz heldu nahi diedalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa