“Nafarrek antzokia berena dela sentitzea nahi dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Hitza 2016ko uzt. 22a, 03:30

Kattalin Barber

Musika, antzerkia, magia eta dantza izanen dira Tuterako Gaztanbide antzokiko agertokian, irailetik aurrera. Urteko lehenengo denboraldian 12.000 ikusle izan eta gero, gogoz daudela adierazi du Javier Gomez Tuterako Udaleko Kultura zinegotziak (Tutera, 1960).

Aurtengo denboraldia aurkeztu duzue, eta "borobila eta orekatua" dela esan duzue. Zergatik?

Denera, hemezortzi ikuskizun izanen ditugu. Pozik gaude, gainera, oraintsu jakin ditugulako lehenengo denboraldiko datuak. Antzokia 2011n ireki zenetik, marka ondu dugu. 12.000 ikusle izan ditugu, eta ia %70 beteta egon da denera. Hori asko da, eta nabarmendu nahi dut izan ditugula bertako ikuskizunak, Nafarroakoak, bai eta nazioartekoak ere. Denetarik eta denontzat. Denboraldi honetan, orekak horrela jarraitu behar du, eta osatu dugunarekin uste dut lortuko dugula. Baten batek esan digu maila jaitsi dugula, baina ez nago ados. Kontua da saiatzen ari garela ikusle berriak lortzen, eta familientzat ikuskizunak antolatu ditugu, adibidez. Ikuskizun onak eskaini nahi ditugu. Hau da, ez bakarrik entretenitzeko, baizik eta formakuntza lantzeko ere bai. Kulturak balio izan behar du pertsonak hezteko eta irizpide propioak izateko. Bide horretan gaude.

Zein ikuskizun nabarmenduko zenituzke denboraldi honetan?

Umorea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta Faemino y Cansado izanen ditugu gurean. Umore surrealista darabilte haiek. Musikan, apustu handia egin dugu, eta toki desberdinetako musika ekarriko dugu. Alde batetik, Estrella Morente denboraldiko izarra izanen da. Baina Ken Zazpi taldea eta Coque Malla ere izanen ditugu. Aurten, hain justu, Tuterako Pedro III.a aztiak 25 urte beteko ditu ikuskizunak egiten, eta, haren eskutik, magia ikuskizun berezia izanen dugu. Cervantesen heriotzaren mendeurrena dela eta, La Cervantina antzezlana taularatuko du Espainiako Antzerki Konpainia Nazionalak. Horretaz gainera, La historia del rock musikala, Eloise opera, Pulgarcito antzezlana eta El lago de los cisnes etorriko dira gurera, besteak beste.

Hortaz, askotariko programazioa antolatu duzue, denetarik eta guztiontzat.

Bai, hori izan da gure helburua. Nabarmendu nahi dut Gaztanbide ez dela bakarrik tuterarrentzat, baizik eta eskualdeko guztiontzat eta Nafarroako guztiontzat, guztiona baita antzokia. Guztion artean ordaindu baititugu lanak. Nafar guztiek antzokia berena dela sentitzea nahi dugu. Gainera, hona etortzen dira Gaztela eta Leongo, Aragoiko eta Errioxako [Espainia] pertsonak. Leku estrategiko batean gaude. Gure eskaintza kulturala hobetzea gustatuko litzaiguke, baina, horretarako, laguntzak ezinbestekoak ditugu.

Historia korapilatsua izan du Gaztanbidek. 1936an ireki behar zuten, baina 1943ra atzeratu zuten zabaltzea. Azken boladan, hamar urtez egon da itxita.

Bai, 36ko gerra zela eta, ezin izan zuten lehenago ireki. Gero, 1950eko hamarkadan, eraikuntza lanak egon ziren, eta itxita egon zen. 2001ean, beste behin ere itxi zuten. Hamar urte iraun dute lanek. Hasieran, Nafarroako antzokirik handienetarikoa zen Gaztanbide. 1995. urtean, Tuterako Udalak erosi zuen.

Zergatik hainbeste urte obretan?

Egia esan, ez dakigu. Ez dakigu arazo politikoa izan ote zen, edo aurrekontu arazoa... baina kontua da hamar urte luzez itxita egon zela. Denbora horretan guztian, ikusle asko galdu ziren. Eta, orain, gure lana ikusleak berreskuratzea da. Itxita egon zen tarte batean Benjamin de Tudela institutuko antzokia erabiltzen zen. 500 pertsonarentzako lekua du, baina espazio eszenikoa ezin da alderatu. Obrek iraun zuten bitartean eztabaida handia egon zen. Hasieran, antzokia zinema proiektatzeko egokitzea aurreikusi zuten, baina, azkenean, ez zuten aurreikuspena bete. Egun, hainbat arazo tekniko direla medio, ezin dugu zinema proiektatu hemen. Egokitzea gustatuko litzaiguke, herritarrek eskatu digute, baina 400.000 euro inguruko inbertsioa egin behar dugu, eta, orain, ezin dugu. Laguntza behar dugu. Dena den, hona etortzen diren konpainia eta talde guztiek esaten digute oso ongi dagoela, eta oso eroso sentitzen direla hemen lanean.

Uste duzu zinema izateak bizia emanen liokeela antzokiari?

Bai, dudarik gabe. Horrela ere jarraitutasuna emanen genioke lekuari. Orain, ikuskizunak daudenean bakarrik irekitzen da antzokia. Hau ez da Barañaingo Auditoriuma bezalakoa. Han, langileak daude, eta irekita dago beti. Hemen, ikuskizunak ditugunean enpresa bat kontratatzen dugu, eta listo. Mantentze lanek 80.000 euroko kostua dute. Beraz, gure helburua antzokia ahal den gehienetan betetzea eta gastuak orekatzea da. Jendeak honetaz gozatzea. Zinema izateak bizia emanen lioke antzokiari.

Dena den, gero eta jende gehiago etortzen dela nabaritu duzue, ezta?

Bai. 2011tik, gero eta jende gehiago etorri da. Egia esan, joan den urtean ikusle gutxiago izan genituen; 16.000 ikusle urte osoan. Baina aurtengo lehenengo denboraldian bakarrik 12.000 lortu ditugu. Ez da zifra makala. Hortaz, bigarren denboraldiarekin urte borobila eginen dugu. Horretan lan egin behar dugu. Ikusleak lortu eta ikusle horiek antzokira etortzera ohitzea, kalitatezko ikuskizunekin eta neurrizko prezioetan.

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!