Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Argi itsugarria

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017-04-07 12:16   Iritzia

Argazkiak ez dira gaur argitaratuak, atzo baizik, BERRIAn. Nafarroako Parlamentuan inoiz baino emakume gehiago ageri da; han daude, sailean, presidentziako aulkian alderik alde.
Zertara joan ziren herenegun Parlamentura? Beren gorputz –eta arimetan-jasandako tortura salatzera. Gloria Bosque, Mertxe Gonzalez, Marilo Gorostiaga, Ainara Gorostiaga eta Izaskun Goñiren testigantzak, paperean irakurrita ere, lazgarriak ezin gehiago.
1973a eta 2010a bitarteko urte tartea hartzen dute tortura kasu horiek. Hau da, hogeita hamazazpi urte; horietatik bi Francoren diktadurapekoak; gainerakoa -35 urte- kasu honetan kakotxik gabe joan ezin den “demokrazia” garaikoa.
Pasarte batetik geratu naiz zintzilik. Joxerra Senarrek, Mertxe Gonzalezi buruz ari dela, hau dio: “ziega batera eraman eta han argi indartsu batek ez zion beste ezer ikusten uzten”.
Iruñeko Gobernu Zibilean atxilotuta egon nintzen aldietako batean, 1974an, lanpara indartsu bat gertatzen zitzaidan bereziki beldurgarri: torturaren iragarletzat sentitzen nuen hura. Nik, zorionez, ez nuen tortura fisikorik jasan; lepoan painelua zeraman polizia haren zaplaztekoa eta beste ezer gutxi.
Polizia, gerora konturatu nintzen, José Amedo izango zen.
Lanpara indartsua, berriz -orain ohartu naiz- ez zen tortura saioak egiteko bakarrik; baita torturaren aurrean itsutzeko ere.
Elixabete Garmendia Lasa

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa