Fotograma kateak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2016ko ira. 23a, 12:04

Gaurkoa ez da argazkia, gaurkoa fotograma da; edo zehatzago esanda, fotograma kateak dira. (Izan ere, badakizue, zinea dugu elikagai aste honetan Donostian). Fotograma kateak, esaterako, Emir Kusturicaren azken pelikula osatzen dutenak. Saiatuko naiz jatorrizko izenburua esaten: “Na milijecnom putu”, serbieraz. Ingelesez “On the milky road”, hau da, “Esne Bidean”, edo horrelako zerbait. Guri esneketariaren ipuinekoa gertatu zaigu Kusturicaren esne bidearekin.
Zuzendari serbiarrak Balkanetako gerra aitzakitzat hartuta, atera ditu bere betiko pertsonaia eta abere xelebre horiek; atera du bere musika banda ere, eta nahastu du hori dena nintendorako gerra jokoetako arma sofistikatuekin, efektu bereziz gainezka. Lotu du guztia etengabeko burrunbarekin eta geratu zaio bi ordu aspergarri irauten duen pastitxe jasanezina, ez hanka eta ez buru.
Eskerrak badiren bestelako genero eta kontakerak zinean. Esaterako, Maider Oleagak egin duena “Iragan gunea Berlin” dokumentalean. Jose Antonio Agirre lehendakariak Berlinen ezkutatuta zegoela idatzi zuen egunerokoa da abiapuntua. Eta horren gainean Berlinen bizi diren bost gazte arrotzen hiriarekiko sentipenak josten ditu. Xabier Erkiziak diseinatutako audioa, batere efekturik gabeko irudiak, eta ikusleari kontakizunean sartzeko astia ematen dion tempoa… Zinearekin adiskidetzen zaituen fotograma katea da “Iragan gunea Berlin” filma.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!