Deseroso

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko mar. 17a, 12:37

Baserri sukalde arrunt bat, joan den mendeko berrogeigarren hamarkadakoa, mahai luzea lehen planoan. Mahaiburuan eserita, mutiko bat, lenteen atzetik kamerari so begi miopeekin; bere ezkerretara ama, aurrerantz begira, senarra izan behar duen gizonari; honek berriz, platerera eroria dauka begirada tristea, patxada fortzatuan; alboan aitona, antzeko jarreran. Gizonezkoen txapel txikiek Iparraldeko estiloa erakusten dute.
Laukotea ez dago bakarrik: barrenean, mahaiburuaren atzean, hiru soldadu ageri dira, hiru soldadu nazi; haietako inork ez dio kamerari begiratzen, baina etxekoak baino askeago ikusten dira objektiboaren aurrean; apal, hala ere, mutil onen itxuran.
Gaurdanik Donostiako San Telmo museoan ikusgai egongo den erakusketaren irudietako bat da hau; II Mundu Gerran pilotu aliatuei laguntzeko osatu zen Comète sareari buruzkoa da erakusketa. Azken urteotan oihartzun handia izan du sare horrek: dokumentalen bat, telebistako mini-sail bat, filmaren bat… Eta urtero, irailean, Ziburutik Oiartzun-Errenteria aldera egin ohi duten martxa, Bidasoa zeharkatuz.
Argazkilari naziren bat aterako zuen baserri sukaldeko eszena, barrenean ageri diren hiru soldadu horiek etxera bidal zezaten seguru asko, oroigarri gisa. Ohartu ote ziren baserri sukalde horretara eraman zuten deserosotasun, lotsa eta beldurraz?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!