Martxoaren 8a eta zenbakiak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2015ko mar. 5a, 14:29

Berdintasunaz hitz egiteko materialismora jotzea hoberena dela uste dut. Ez da baliagarria desio, eztabaida politiko edo halakoez aritzea, askoz hobe da soldatez, zainketaz eta lanaz hitz egitea, errealitatea pentsatu nahi badugu. Emakume eta gizonen lansarien ezberdintasuna %23koa da, hau da, bataz beste emakume batek gizon batek irabazten duenaren %23 gutxiago irabazten du edo beste modu batean esanda, 84 egun gehiago lan egin behar ditu gizon batek irabazten duena jasotzeko.

Datu hauek ñabardura gehiago dituzte. Ezberdintasuna ez baita laua. Lan mundura sartzean ezberdintasu hori ez baita nabaria eta 30-50 urte bitartean hasten da aldea finkatzen. Oso erraza da pentsatzea zergatik gertatzen den: umeak izateko urteetan emakumeak bigarren mailan gelditzen dira eta hurrengo urteetan ez dago postuak berdintzerik. Zainketek duten bigarren ondorioa da lan hierarkian gorantz egiteko bideak itxi egiten zaizkiela emakumeei.

Zainketak bizitzan sartu ahal izateko emakume askok lanaldi murriztua dute edo ezsedentziak eskatzen dituzte. Jubilazioa jasotzeko urteetan ondorioak dituzten neurriak dira hauek ere.

Bizia bera kanpoan uzten duen sistema batean ahal dena egin arren, errudun sentimendua zabaldurik dago emakumeongan. Hala ere, baldintza objetiboak aldatzen ez badira ez dago egoera hau aldatzerik: haurrak izan ondorengo baja luzatzen ez bada, gizonezkoek baja luzeagoak izaten ez badituzte, administrazioak errekurtsoak jartzen ez baditu eta berdintasunera heltzeko nahia zabaltzen ez bada, ez dago ezer egiterik.

Emakumeon eskuetan dago zainketei bere tokia ematea eta iraultza hori bultzatzea. Gizonen eskuetan dago bere inguruan dagoenari erreparatzea eta bere abantailak alde batera uztea. Eraldaketa orokorra ez bada, ez da berdintasunik izanen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!