Akordio programatikoa ez bete eta Aldaketaren Gobernuak bereak egin ditu Iribas eta Raxoiren murrizketak

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko urr. 9a, 13:39
Lau-alderdikoak oposizioan zegoelarik sutsuki kritikatzen zuen eskola orduen igoera, sindikatuei aurkeztutako hezkuntzako plantilletan mantentzen du Mendoza kontseilariak

Egun hauetan Hezkuntza Departamentua 2016-2017 ikasturterako aurreikusten den plantilla diseinatzen dabil. Horretarako sindikatuei bidalitako irizpideen artean, maisu-maistren ordutegiak finkatzeko 25 saio agertzen dira eta 20 gainontzeko kidegoetan.

Jakina den moduan, 2012/14 Errege Dekretuan Raxoiren Gobernuak eskola orduak eta ratioak igo zituen. Barcinak eta Iribasek 800 lanpostu suntsitzeko balio izan zuen murrizketa hau bere egin zuten 27/2012 Foru Dekretuaren bidez. Bitartean, orduan oposizio zirenak eta egun gobernuaren sustengu direnak, erabat gaitzetsi zuten neurri hori.

Geroa Baik, I-Ek, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk, beraien akordio programatikoaren hezkuntzari dagokion 10. neurri bezala, aipatu dekretuak bertan behera utziko direla zehazten du. Espreski aipatzen ditu ratioen igoera eta eskola orduen igoeran atzera egingo dela.

ELAk Mendoza Kontseilariari helarazitako dokumentuan irakaskuntza publikoan 800 irakasle falta direla adierazi izan dio edukitako elkarrizketetan. Matrikulak gora egin du eta irakasle kopuruak behera 2011 urtetik egun bitarte.

Horregatik guztiarengatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eta hari sostengua ematen dieten alderdiei exijitzen die: gizartearekin hartutako konpromisoak bete ditzan; aldaketaren gobernua direla esatea ez baita nahikoa, aurreko politiken inertziarekin jarraitzen badute. Eskola orduak ez jaistea iruzurra liteke; botoemaileekin eta baita sinatutako akordioarekin ere. Oraindik garaiz dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!