Volkswagenen presidenteak dimisioa eman du

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko ira. 23a, 18:12
Martin Winterkorn, artxiboko irudi batean. Julian Stratenschulte / EFE • 0

Mundu osoan saldutako 11 milioi autotan jarri du emisioak faltsutzeko softwarea Wolfsburgoko konpainiak. Horrek eragindako eskandaluaren ondorioz aurkeztu du dimisioa Martin Winterkornek: "Volkswagenek hasiera berri bat behar du".

[Berrian irakurri]

"Volkswagenek hasiera berri bat behar du, baita arlo pertsonalean ere. Nire dimisioarekin, bidea libre uzten dut", esan du Winterkornek. Azken egunetako gertakariekin "harrituta" azaldu da, eta presidente gisa erantzukizuna duela aitortu du: "Enpresaren interesen alde egiten dut, nahiz eta kontziente izan nik ez nuela ezer gaizki egin". Volkswagenen gainbegiratze batzordeak ziurtatu du Winterkornek ez zuela manipulazioen berri.

2016 amaierara arte zuen kontratua, baina urtebete lehenago etengo du, beraz: "Hau da konfiantza irabazteko modu bakarra. Ziur naiz Volkswagen taldeak krisi larri hau gaindituko duela".

Volkswagenek software sekretu bat baliatu du EA 189 diesel motorrean, aireratzen dituen emisioak faltsutzeko. Auziak mundu osora egin du salto jadanik, eta Volkswagenek onartu du motor softwaredun horiek 11 milioi autotan daudela merkatu anitzetan.

Burtsan, galerak

Konpainiak 2014ko irabazi guztiak (11.000 milioi euro) galdu zituen burtsan astelehenean, eta odolustea ez da bukatu, haren tituluen gainbehera areagotzen ari baita egunetik egunera; herenegungo %18ko kalteari beste horren bestekoa gehitu zitzaion asteartean, eta burtsako bere balioaren %36,5 inguru galdu du bi egunean, 29.000 milioi inguru.

Wolfsburgoko konpainiak 6.500 milioi euroko hornidurak egin dituela iragarri du EA-189 motor dieselaren eskandaluak ekar diezaiokeenari aurre egiteko, baina inbertitzaileak beldur dira labur geratu ote den irits daitezkeen isun erraldoiak ikusita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!