Absolbitu dituzte Segiko kide izatea leporatuta auzipetutako Iruñerriko hamar gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko eka. 30a, 21:45
Manifestazioa egin zuten Iruñean maiatzaren 2an, hamar gazteen aurkako epaiketa salatzeko. Jagoba Manterola / Argazki Press

Auzitegi Nazionaleko epaileek ebatzi dutenez, ez da frogatu hamar auzipetuek modu "aktiboan" parte hartzen zutenik Segin: "Segiren kamiseta bat izateak ez du esan nahi Segiko kide denik". Gainera, epaileek aintzat hartu dute auzipetuek Poliziaren aurrean eginiko deklarazioak ez zituztela berretsi epaiketaren ahozko saioan.

[Albistea Berrian]

Epaileen arabera, ez da frogatu gazteei atzemandako objektuak Segik egindakoak zirenik, ezta horien salmenta gazte antolakundea finantzatzeko erabili zenik ere.

Javier Martinez Lazaro eta Fermin Etxarri epaileek azaldu dute zenbait objektu izateak ezker abertzalearekiko, independentziarekiko edo presoen sakabanaketaren kontrako jardunarekiko atxikimendua adierazten dutela, baina ez "terroristatzat jotako erakunde bateko kidetza". Halaber, nabarmendu dute erakunde batek baliatzen duen "ikonografiak esanahi ugari" izan ditzakeela eta ez dela militantzia aktibo baten adierazle.

2008an atxilotu zituzten, eta torturak salatu zituzten guztiek. Bat izan ezik, guztiak espetxeratu zituzten, eta bermeak ordainduta atera ziren gero. Zazpi urtera egin zuten auzi horren epaiketa. Hamar auzipetuetatik hiru —Araguas, Marin eta Azkona— espetxean dira beste auzi batzuengatik.

Estrasburgoko auzitegiak arrazoi eman zion Oihan Atauni, eta haren tortura salaketak ez ikertzeagatik kalte-ordaina eman behar izan zion Espainiak.

Seina urteko zigor eskaera

Maiatzean epaitu zituzten Iker Araguas, Ibai Azkona, Gorka Sueskun, Mikel Marin, Diego Javier Octavio, Iker Aristu, Iñaki Marin, Oihan Ataun, Mikel Beunza eta Mikel Flamarique. Azken hitza hartuta, "kartzelak husteko" garaia dela esan zuen Azkonak, eta bere absoluzioa eta auzi berean epaituriko beste bederatzi gazterena eskatu zuen. Epaiketaren amaieran jaitsi zuen fiskalak hamarretik sei urtera gazteen kontrako zigor eskaera. Zigor eskaerak baliogabetzeko eskatu zuen defentsak, gazteak militantzia politikoan aritzeagatik epaitu dituztela argudiatuz, bestelako frogarik gabe.

Gazteek babes zabala jaso zuten epaiketaren atarian. Ehunka lagunek egin zuten bat hamar gazteei babesa adierazteko eta epaiketa salatzeko maiatzaren 2an eginiko manifestazioarekin.

 

Kazetaria: Hodei Iruretagoiena

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!