Euskaldunen sarea egiten jarraituko du udako ikastaroetan UEUk

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko mai. 26a, 19:19
Lorea Agirre, Iñaki Alegria eta Irati Iciar, UEUren udako ikastaroen aurkezpenean./ Idoia Zabaleta, Argazki Press

Orotara 34 ikastaro eta sei jardunaldi izango dira udako ikastaroetan. Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldia Jakin-ekin batera antolatuko dute, Iruñean.

"Unibertsitate sistemaren barruan sare euskalduna biltzea. Hau da, jakintza eta aditu euskaldunen topagune eta akuilu izatea". Hori da, UEUko lehendakari Iñaki Alegriaren esanetan, Udako Euskal Unibertsitatearen xedea. Bide horretan, aurten, 34 ikastaro eta sei jardunaldi berezi antolatu dituzte Baionan, Iruñean eta Eibarren. Ekainaren 29tik uztailaren 22ra izango dira arteari, musikari, giza zientziei, ingeniaritzari eta teknologiari buruzko ikastaroak.

Jardun leloa izango dute UEUren aurtengo ikastaroek. Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroen arduradunaren arabera, Jardun leloa aukeratu dute "jendeak aditz horren bi adierak praktikan jartzen dituelako: hots, alde batetik, lan egiten du, eta, bestetik, hitz egiten du".

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak eman ditu UEUrekin batera antolatu duten Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldiaren argibideak: "Sumatu dugu, azkenaldian, eztabaida hori badabilela, iritzi eta postura kontrajarriak badirela, eta, horregatik, Jakin-en hurrengo zenbakira ekarri dugu, zortzi artikuluren bitartez". Paperean argitara emango duten eztabaida hori jardunaldi hauen bitartez zabalduko dute gero UEUrekin lankidetzan.

Jardunaldi honetako sarrera hitzaldia Joxe Azurmendik emango du. Iruñean egingo dira, Katakraken, ekainaren 25 eta 26an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!