#ap25nahitasuna

'Euskaraz bizi nahi dut' aldarri ozena Anaitasunan

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko api. 26a, 00:00

Jendetza bildu da Kontseiluak antolatutako ekitaldian. Euskaraz bizi nahi duten herritarren istorio txikiak kontatu dituzte. Kultur arloko hainbat lagunek ere parte hartu dute. Emozio handiko uneak izan dira bildutakoen artean.

[Albistea Berrian]

Euskaraz bizi nahi dut. Hori izan da lelo nagusia arratsaldean Iruñeko Anaitasunan egin den jaialdian. Euskaraz bizi nahi duten herritar asko bildu da, eta herritar horietako batzuen istorioak izan dira jaialdiko protagonista. Kultur arloko hainbat lagunek ere parte hartu dute arratsaldean: bertsoak, dantza, musika... Denetik izan da.

Euskalgintzako ordezkariak oholtza gainean zirela amaitu da bi ordu pasatxoko ekitaldia. Hain zuzen, lau zutabetan igo dira, eta Kontseiluko Paul Bilbaok azaldu du normalizazioaren zutabeak zirela: marko juridikoa, plangintza, baliabideak eta herri gogoa: "Herri gogoaren zutabea irudikatzen du gaur Anaitasunak. Herri gogoak sendo jarraituko du; beste zutabeak ere sendotzea da orain kontua".

Emozioz beteriko ekitaldia izan da gaurkoa. Esate baterako, omenaldia egin diote Adrian Marturet-i. Marturet auto istripu baten ondorioz zendu zen, 1999an, euskaraz ikasi ahal izateko bidaian. Lore sorta bat eskaini diote haren amari. Urko Aristi kazetariak, bestalde, eremu ez-euskalduneko amekin hitz egin du. 

18:30ean hasi da Kontseiluak antolatutako ekitaldia. Dantzariak oholtzara korrika igoz hasi dute, euskahaldun lelodun pankarta zeramatela. Baldorba doinupean harresi bat eraiki dute gero beltzez jantzitako mamuek. Juan Kruz Lakasta eta Maialen Huarte Euskalerria irratiko esatariek hartu dute hitza ondoren. Nafarroan euskaldun izatea zein zaila den gogorarazi dute, eta euskararen eskubideen alde agiteko elkartu direla. Jende asko bildu da kiroldegian, eta dantzariek harresia bota dutenean gogoz egin dute txalo bertaratutakoek. Julio Soto eta Alaia Martin bertsolariak, Ezpelur taldeko gaiteroak, Demode Quartet taldea, Anabel Arraiza eta Oier Zuñiga aktoreak...  Kultur arloko pertsona asko ari dira parte hartzen ekitaldian. Baita bestelako herritarrak ere. 

Olatua ere egin dute jaialdira bildutakoek. Guztiek Euskaraz bizi nahi dut kartela goian zutela amaitu da ekitaldia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!