Hauteskundeak 2015

Nafarroa antagonikoak, bozen osteko zenbakiei begira

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko api. 22a, 20:21

Eztabaida publikoa egin dute Nafarroako foru hauteskundeetarako sei zerrendaburuk: Javier Esparza (UPN), Ana Beltran (PPN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Maria Txibite (PSN) eta Jose Miguel Nuinek (Ezkerra). Hainbat gai jorratu dituzte; besteak beste, euskara, erabaktizeko eskubidea, politika fiskala eta hauteskunde osteko akordioak.

[Albistea Berrian]

Euskararen inguruan, Barkosek "askatasuna" aldarrikatu du euskaraz hezteko: "Positiboan, inoiz ez gaztelaniaren kontra". Ildo beretik jo du Nuinek: "Berezko bi hizkuntza ditugu Nafarroan: gaztelania eta euskara. Askatasuna nahi dugu gure haurrak euskaraz hezteko".

Beltranek, ordea, "bidegabea" deritzo euskara ez ezagutzeagatik zenbait lanpostutan aritzeko aukerarik ez izatea. Euskara eztabaida politikotik ateratzearen alde agertu da Txibite: "Ez da nafarrago edo gutxiago euskaraz egiten duena". Ez da ados azaldu Araiz: "Arazo bat dago: euskaldunak baztertuak sentitzen gara Nafarroan". Esparzaren iritziz, ordea, "urteak" dira euskara politikoki erabiltzen dela: "Esan da euskara Euskal Herria eraikitzeko tresna bat dela".

Erabakitzeko eskubidea izan daiteke hauteskundeen beste ardatzetako bat, eta horren inguruan jardun dute. Nuin: "Guk erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu. Foruak ez dira pribilegio bat". Araizek, berriz, erabakitzeko eskubidea "mugarik gabe" aldarrikatu du: "Nafarroak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du". Barkosek salatu du Nafarroaren gaitasun fiskalak "murrizketa basatia" erasan duela.

Beltranek zehaztu du PPNk "inork bezala" defendatzen dituela foruak. Espainiako Konstituzioa aldatzearen eztabaida "zabaldu bezain azkar" Nafarroak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin bat egiteko aukera jasotzen duen laugarren xedapen gehigarria ezabatzearen alde agertu da, eta antzera hitz egin du Esparzak: "Ez gara hobeto egongo erabakiak Nafarroan hartzeari uzten badiogu. Nafarroak Nafarroa izaten jarraitu behar du". "Nafarroa Espainian eta Europari begira" izan da Txibiteren leloa, egungo errealitate instituzionala babestuz.

Diru kontuez ere erantzun dute hautagaiek. Beltran: "Nafarroak pribilegio fiskalak zituen. Orain, beste erkidego batzuk baino okerrago gaude". Araizek azpimarratu du "gehien duenak gehien ordaindu" behar duela, eta diruak "herritarren patrikan" egon behar duela esan du Esparzak.

Iruzurra hartu dute hizpide Ezkerra, PSN eta Geroa Bai-koak. Txibite: "Ustelkeria ez da soilik egiten duenak ordaintzea; saihestu egin behar da". Zentzu horretan, zerga ikuskariak ugaritzea proposatu du Nuinek. Barkosek, ordea, uste du ustelkeriaren kontrako mekanismoei "etika pertsonala" gehitu behar zaiela.

Hauteskunde osteko jokalekuari ere behatu diote, balizko akordioez hitz eginda. Txibite: "Aldaketaren alde egingo dugu apustu, eta hori gure hauteskunde programan zehaztuko da. Afiliatuek erabakiko dituzte gobernu itunak". Nuin zehatzagoa izan da: "Ez dugu UPN, PPN ezta Ciudadanos-ekin akordiorik egingo, eskuina direlako. UPN-PSN ereduak huts egin du". Araizen hitzetan, berriz, "azken 40 urtean erregimenaren parte izan ez diren indar politikoek" egin behar dute akordioa. "Aldaketaren" alde azaldu da Barkos ere: "Aldaketa hori nahi duen ororekin egingo ditugu akordioak".

Hauteskundeen ondorena argitzeko eskatu du Esparzak: "Zehaztu behar da norekin egingo diren akordioak; guk, foralitatea eta [Espainiako] Konstituzioa defendatzen dutenekin".

 

Erlazionatuak

Nafarroan, inoiz baino gehiago

Euskalerria Irratia 2015 api 22 Nafarroa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!