Zaharrak, berri

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2016ko api. 29a, 12:08

Bi orrialde oso betetzen ditu gaurko argazkiak, astekari batean. Zaharra, protagonista. Beroki lodia du jantzita. Lepoa babesteko, zapi ederra. Hotz egiten du mendialdean. Eskuetan, oroigarria du. Paparrean, bandera errepublikanoa.
Elgetan, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga menditsuan omendu dituzte gerra garaiko emakumeak. Hogeita hamaseiko gerran, emakume errepublikanoek zigor bi jaso zituzten: bata, errepublikaren aldekoak izateagatik; bestea, emakume izateagatik.
Elgetan, Emilio Molaren tropei indartsuen eta luzeen eutsi zitzaien mendi horietan, Intxortako magaletan, emakume errepresaliatuak eta erresistenteak omendu dituzte.
Guda-oinean aritu ziren batzuk: miliziano, erizain, lubaki-egile, erreportari, zaintzaile... Eta behin frontea hautsita, soldadu oldartuen jostailu izan ziren beste batzuk beren etxean bertan: ama, emazte, alaba izaki...
Ez du gogoratzeak aldatzen historia. Baina, iragan horren semeago egiten gaitu. Alabago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!