Nafarroak banku publiko baten sorreraren bideragarritasuna aztertuko du

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko abu. 22a, 10:56
Nafarroako Kutxa, artxiboko irudi batean.

Uxue Barkos buru duen gobernuak Nafarroan banku publiko bat sortzeko dauden aukerak aztertuko dituen txostena osatzeko agindu du. Irailean egingo da esleipena eta hamabi asteren buruan txostena bukatuta izango dela aurreikusten da. Orduan “asko eztabaidatu beharko da”, adierazi du Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko ekonomia-lehendakariordeak.

Merkatuaren egoera, aukera legalak eta Nafarroaren finantzen egoera aztertuko ditu txostenak, gizartearen atal ugarik zein finantzaketa modu dituzten jakin eta hutsuneren bat izanez gero horri aurre egingo dion sistemak aztertzeko. 50.000 euroko kostua izango du txostenak.

Uxue Barkos (Geroa Bai) lehendakari izendatu zuten orain urtebete eta banku publikoa sortzeko aukerak aztertuko zituen txostena adostu zuen bere alderdiak babesa eman zioten beste hirurekin: EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra.

Baldintzekin desadostasunak

Nafarroako Gobernuak lehiaketa publikora deitu eta astebetera Laura Perez Ahal Duguko idazkari nagusiak kritika egin zion erabakiari. Berriak azaldu zuenez eledunaren arabera Gobernuak jarritako baldintzek ez zuten aukerarik ematen gizarte erakundeek lehiaketan parte hartzeko. “[Esleipena] Nafarroako Kutxa desagerrarazi zuten eragileen eskuetan geratzearen” susmoa zuela adierazi zuen Perezek.

Hainbat sindikatuk ere salatu zuten lehiaketaren baldintzek finantza etikoen alorrean diharduten eragileen parte-hartzea galarazten zutela eta EH Bilduko bozeramaile Adolfo Araizek bat egin zuen adierazpenekin. EH Bilduk aurrezki-kutxaren desagertzearen arrazoiak parlamentuan aztertzeko eskatu zuen eta irailean ekingo diote horri, esleipenarekin batera.

Modu polemikoan desagertutako aurrezki-kutxa

2012an CaixaBankek Nafarroako Kutxa erosi zuen eta erabiltzaileen %40ari kalte egin zion erabakiak. Geroztik aurrezki-kutxaren desagertzea eztabaidatutako gaia izan da, kargu publikoek zituzten gehiegizko soldatagatik, besteak beste.

Gainera, 2010era arte gobernuko lehendakaritza aurrezki-kutxarenarekin lotua zegoen eta parlamentuak administrazio-kontseiluko kideak izendatzen zituen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!