Bihar izanen da Izeta bertsolari gazteen sariketako sailkapen fasea

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 10a, 08:27
Argazkia: 2014ko Mariano Izeta finaleko irudia.

Barañainen izanen da finalera sailkatzeko saioa, bihar, 19:30etatik aurrera, Haizea elkartean, doan.

Hamar bertsolari igoko dira oholtzara, bihar, Patxi Castillo (Bera), Iker Gorosterrazu (Ituren), Amaia Elizagoien (Oronoz), Sarai Robles (Barañain), Alazne Untxalo (Ituren), Ekaitz Astiz (Iraizotz), Saats Karasatorre (Etxarri-Aranatz), Aitor Irastortza (Azpirotz), Joanes Illarregi (Leitza) eta Ander Baiano (Barañain). Horietatik lau baino ez dira pasako hilaren 18an Elizondon jokatuko den finalera.

Zazpigarren edizioa

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten zazpigarren edizioa jokatuko da. Sei edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman, Aurizko Aimar Karrika eta Antsoaingo Saioa Alkaiza izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi duten bertsolariak.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Orain dela zazpi urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia, Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izanen zaien esperientzia har dezaten.

Mariano Izetaren omenez

Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten.

Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, Nafar Izkuntzako kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!