Berriz ere herritarrena izanen da erabakia. Barañaingo Udalak bigantxen inguruan galdeketa egin ondoren, orain, herriko jaietan txupinazoa nork jaurtiko duen erabakitzeko aukera eskainiko die. Horretarako, maiatzaren 30ean hasiko da hautagaitzak aurkezteko epea. Hala, ekainaren 3ra arte Barañaingo entitate, plataforma eta elkartek proposamena egin dezakete. Hori bai, ez dira aurkezten ahalko entitate sindikalak, enpresarialak, politikoak edo erlijioarekin loturarik dutenak.
Herritarren Arretarako Bulegoan aurkeztu ahal izanen dira proposamenak 8:30etatik 14:00etara. Ekainaren 9an, herriko mugimendu guztiekin batera eginen da lehen botazio bat eta bi hautagaitzaren aldeko botoa eman ahal izanen du talde bakoitzak. Babes handiena duten hiru hautagaitzaren artean erabaki beharko dute gero Barañaingo bizilagunek. 18 urtetik gorakoek eman ahal izanen dute euren boza, eta herrian erroldatuta egon beharko dute.