Biurdana Institutuko XVII Irakurketa Publikoa ostiralean

Euskalerria Irratia 2016ko api. 25a, 17:04

Jon Alonso iruindarra izanen da aurten idazle gonbidatu eta omendua. Asteazkenean, 19:30ean, Alonsok hitzaldia eskainiko du Kondestablearen Jauregian.

Asier Azpilikueta Biurdana Institutuko Ikasketa Burua da. Nafarroako Hitzan eginiko elkarrizketan horrela mintzatu zen Biurdanak azken urte hauetan antolatutako Euskal Liburuaren Irakurketa Publikoaz: 

"2000. urtean Biurdana institutuan Irakurketa Publikoa antolatzen hasi ziren “hitz irakurria hitz mintzatu bilakatuz” eta “ekintza pribatua publiko bihurtuz” nerabeen artean irakurzaletasun hori bultzatu nahian-edo. Urtero, euskal idazle bat aukeratzen dute, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren ondoko ortzirale bateko goiz oso bat ematen dute haren liburuen pasarteak ozen irakurtzen.

Gure uste apalean, Biurdanako Irakurketa Publikoak izen txiki bat erdietsi du Euskal Herriko literatur munduan. Bertzeak bertze, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Aingeru Epaltza, Kirmen Uribe, Pako Aristi, Jasone Osoro eta Aitor Arana etorri dira Biurdanara, eta ikasleen —zein kanpoko gonbidatuen— ahotik entzun dituzte beraiek idatziriko zenbait pasarte.

Aurtengo Irakurketa Publikoa XVII.a izanen da, apirilaren 29an ospatuko dugu, eta Jon Alonso idazle iruindarrari eginen dio gorazarre. Camembert helburu, Agur Darwin, Katebegi galdua eta Zintzoen saldoanlanetako pasarteak irakurriko ditugu, eta, Jon AlonsokBidador pastoraleko testuak idatzi zituela aprobetxatuta, gainera, pastoraleko bortz pasarte jokatzen ausartuko gara. Eta, bide batez, horrekin gure omenaldi txiki eta xumea eginen diogu Joxemiel Bidador zenari, Biurdanako Euskara eta Literaturako irakaslea izan baitzen, bai eta institutuko ikasketa burua ere.

Batek daki institutuan egiten ditugun irakurketa publikoek edota Idazleak eskolan izeneko programako saioek zenbateraino hunkitzen eta ukitzen dituzten gure ikasleak, eta ea irakurzaletasuna pizten ote dieten. Baina, bederen, ikasle horiek egun batez ikusten dute (euskal) literatura uki daitekeen zerbait dela, entzun daitekeen zerbait, mintza daitekeen zerbait. Horregatik bakarrik, saiatzen segitu beharko dugu."

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!