Polo berriari lotutako inbertsioei eutsiko die Volkswagenek Landabenen

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 7a, 20:04
Volkswagenen ikurra. DEAN LEWINS / EFE, Berria.

Polo modelo berriari (A07) lotutako inbertsioak ez daudela arriskuan ziurtatu die gaur zuzendaritzak langileen ordezkariei. Enpresa Batzordeak oso positibotzat jo du berria.

VWek hurrengo bost urteotan Landabenen egin nahi zuen 900 milioi euroko inbertsioen zati handi bat lotuta dago Polo modelo berriari eta horiek arriskutik kanpo daudela iragarri dute zuzendaritza taldeko ordezkariek. Honetaz gain, beste modelo bat Iruñean egiteko aukera ere ari direla aztertzen jakinarazi diote enpresa batzordeari. Iragarritako inbertsio hauek Iruñeko fabrikaren 4.200 lanpostuak ziurtatuko lituzkete.

 

Ez da gauza bera gertatuko beste zenbait lantegitan. Guztira, talde osoak 85.600 milioi euro gastatu nahi zituen modelo berrietan, teknologian eta lantegiak berritzen, baina diru horren zati bat iruzurraren gastuak estaltzeko baliatu beharko du. VWek dagoeneko 6.500 milioi euro gorde ditu, oraingoz, kalte-ordainei eta isunei aurre egiteko.

Bestalde, urtarrilean hasiko direla trukatutako autoak konpontzen iragarri dute. 2016 urte osoan zehar eginen dituzte software iruzurtia duten 11 milioi autoen konponketa. Hori da taldeko presidentea Mathias Muellerrek Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariari eskainitako elkarrizketan iragarri duena. Elkarrizketa horretan bertan VWeko buruak ziurtatu du langile gutxi batzuen kontua izan zela iruzurra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!