Epaiketa politikoen amaiera eskatzeko herri harresi sinbolikoa eginen dute bihar Iruñean

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 4a, 09:52
Gasteizen herri harresia egin zuten duela bi aste. Argazkia: ahotsa.info

Iruñerriko Harresia ekimenak "herri harresi sinbolikorako" deia egin du biharko, Segiko kide izatea leporatuta Auzitegi Nazionalean berriki epaitu dituzten hamar gazte nafarren absoluzioa eskatzeko. 

19:00etan izanen da mobilizazioa. Epaiketa politikoak eta pertsona horien kontrako zigorrak zeharo bidegabeak direla iritzita, Iruñerriko Harresiak eta Libreko gainerako taldeek uste dute "herri harresia dela tresnarik egokiena borrokarako eta desobedientziaz jokatzeko, eraso horiek behingoz geldiarazteko”. Biharko mobilizazioan “inputatu guztiak babesteko” erabakia erakutsiko dute.

“Nafarroan 44 lagun daude inputatuta sumario politikoetan, eta beste 6 kartzelan arrazoi beragatik”, salatu dute. Horrez gain, ohartarazi dute bi epairen zain daudela: Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten Iruñerriko 10 gazteen kontrakoa (seina urte eskatzen diete), eta Auzitegi Gorenak ‘Herrikoen’ sumarioan eman behar duena. Horrez gain azaroan hasiko da Batasunako 35 militanteren kontrako epaiketa, eta baliteke Askapenako kideen kontrakoa ere udazkenean egitea adierazi dutenez. Bestalde, joan zen astean jakinarazi zuen Auzitegi Nazionalak 8 urteko espetxe zigorra eskatu duela Gorka Zabala, Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Jon Patxi Arratibel eta Gorka Mayorentzat (2011ko urtarrilean atxilotu eta espetxeratu zituzten).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!