UPN, Iruñerrian batere alkatetzarik gabe geratzeko zorian

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 26a, 09:09

Iruñerrian UPNk indar handia badu ere, Nafarroako Parlamentua osatzeko aukera duten aldaketaren alderdiek zenbait herritako alkatetzak kendu diezazkioke.

Iruñean galdu dezake Enrique Mayak alkatetza nahiz eta zerrendarik bozkatuena izan zen igandean. EH Bilduk eta Geroa Baik bosna zinegotzi eskuratu zituzten. Aranzadik hiru zinegotzi lortu zituen eta bat Izquierda-Ezkerrak. Nahikoa lukete ezkerreko alderdi horiek bat egitea. PSNk hiru zinegotzi eskuratu zituen, baina, Joseba Asiron EH Bilduko zerrendaburuak eta ematen du alkatetzarako hautagai nagusiak (Geroa Baik baino boza gehiago eskuratu ditu EH Bilduk) esana du ez duela aldaketaren taldean ikusten alderdi sozialista.

Orkoienen, Berriozarren, Atarrabian eta Arangurenen ezkerreko indarrek izan dute orain arte gidaritza. Horiekin batera Eguesibar ere aipa daiteke, izan ere, ustelkeria kasuek UPN Gobernutik kanpo utzi zuten. Zenbait herritan ezkerreko alderdiek errepikatu eginen dute eta beste zenbaitetan lehenengoz sartuko lirateke lehen indar gisa. Hala, Atarrabian EH Bilduri emandako botoen kopurua ia laukoiztu egin da eta Berriozarren ia gehiengo osoa lortu du zinegotzi baten faltan.

Zizurren Geroa Baik eta EH Bilduk launa zinegotzi eskuratu dituzte. Elkartuko balira, nahikoa lukete UPN eta PSN kanpoan uzteko. Barañainen ezkerreko alderdi gehienen batuketa beharko litzateke gaur egungo UPNren alkate Jose Antonio Mendibe albo batean uzteko: EH Bildu, Geroa Bai, Participando Barañain, Izquierda-Ezkerra eta Equok bat egin beharko lukete horretarako. Noainen ere lidergoa gal dezake UPNk: Elortzibar izeneko tokiko alderdiak EH Bildurekin bat egin lezake UPN albo batean uzteko. Burlatan Cambiando Burlada da bigarren indarra eta Geroa Bairekin eta Alianza Pais Ecuador-ekin lortuko lukete gehiengoa.    

Arangurenen Candidatura Popular Valle de Aranguren alderdiak lortu du gehiengo osoa 10 zinegotzi eskuratuta. Bi ditu UPNk eta bat EH Bilduk. Antsoainen PSN izan da Udalaren gidari urtetan. Igandean EH Bildu izan zen zerrendarik bozkatuena eta Geroa Bairekin eta Izquierda-Ezkerrarekin eskura dezake Udalaren aginte makila. Uharten ere ezkerreko alderdiek lortu dezakete Udalaren gidaritza: EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena bost zinegotzi lortuta eta Geroa Bairekin (bi zinegotzi) bat egitea nahikoa luke Udala eskuratzeko. Dena dela, Uharten bigarren zerrenda bozkatuena Grupo Independiente Huarte izan da lau zinegotzirekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!