Unai Zabaletak irabazi du II. Euskararen Paparazziak argazki lehiaketa

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 19a, 18:59
Argazki sariduna.

Antsoaingo Modesta arrandegian hartutako irudiak irabazi du 500 euroko erosketa txartela. Saltokietan euskararen erabilera handitzeko eman diren urratsak ikustaraztea helburu duen lehiaketa honetarara 103 argazki aurkeztu dira aurten.

Euskararen Paparazziak argazki lehiaketa apirilaren 6tik 26era bitartean egin da, eta epe horretan 103 argazki jaso dituzte antolatzaileek; horrela, iazko marka gainditu da. Lehiaketaren helburua saltokietan euskararen erabilera handitzeko eman diren urratsak bezeroei eta herritarrei ikustaraztea izan da eta, horretarako, parte-hartzaileei lan oso sinplea proposatu zaie: Iruñerriko eta Gareseko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelakoei argazkiak atera eta WhatsApp edo Telegram aplikazioen bidez bidaltzea. Euskara eta merkataritza hobekien uztartzen dituen argazkia ateratzeagatik irabazi du Unai Zabaletak lehiaketa. Halaber, lehiaketan parte hartzeagatik zozketa bidez banaturiko 100 euroko erosketa txartel bana irabazi dute Tania Lopez, Maider Korejwo eta Sara Lopezek.

Antolatzaileak Euskara Merkataritzara planeko udalak (Aranguren, Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Oltza Zendea, Zizur Nagusia, Burlata, Atarrabia, Uharte eta Gares) eta Iruñeko Karrikiri euskaldunen elkartea izan dira, eta erakunde bakoitzeko teknikari edo ordezkari banarekin osatu da epaimahaia.

Planaren informazio osoa eta lehiaketako argazkiak “Euskara Merkataritzara” blogean daude ikusgai.

Hona hemen lehiaketako saridun guztiak:

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!