Jendetzak hartu du parte Iruñerriko laugarren Euskal Jaian

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 18a, 08:16

'Hemen gara' leloarekin Euskal kultura aldarrikatu dute Iruñeko Alde Zaharrean. 27 taldek antolatu zuten larunbateko jaia.

Hemen gara izan da Iruñerriko Euskal Jaiaren leloa. 27 taldek antolatuta, ekitaldi ugari eta jendetza bildu ziren larunbatean Iruñeko Alde Zaharrean. Laugarrenez antolatu zuten Euskal Jaia: "Ezkutaturik nahi gaituzte, baina, hemen gara, Iruñean, eta hemengoak garelako maite dugu euskal kultura", hala nabarmendu zuten antolatzaileek. Iruñean euskal kulturak merezi duen tartea aldarrikatzeko azken Euskal Jaia izatea da antolatzaileen helburua, horrek adieraziko baitu hirian gauzak aldatu eta euskararen alde eta euskal kulturaren alde egiteko alderdi berriek gidatuko dutela Udala.

Goizeko hamarretan ekin zioten jaiari. Estafeta eta Jarauta kaleetan gosaldu eta kalejiran abiatu ziren Alde Zaharrean barna. Dantzariak, joaldunak, erraldoiak, buruhandiak, trikitilariak, txarangak eta fanfarreak izan ziren protagonista. Larrain dantza elkarrekin dantzatuta erraldoien topaketa izan zen Gazteluko plazan. Bertan izan ziren sei auzotako erraldoien konpartsak.

Arratsaldean izan zen aurtengo Euskal Jaiaren berrikuntza: Kaldereria kaleko tabernek hainbat kontzertu antolatu zituzten: Alicate, La gramola del amor, Legeak erre, Musikharian eta Khous. 21:30ean Jarana peñan zen hitzordua. Benation eta Chotakabra taldeek eskaini zuten kontzertua.

27 talde, bat eginda

Elkarteak, Iruñerriko dantza taldeak, peñak eta auzoetako erraldoien konpartsak izan ziren laugarren Euskal Jaia antolatzeaz arduratu zirenak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!