Iruñerriko festen denboraldia, abiatzear: Sanduzelain ostiralean botako dute txupinazoa

Euskalerria Irratia 2015ko api. 20a, 14:05
Sanduzelaiko erraldoiak (Argazkia: ondolan.com)

Kontzertuak, kalderete lehiaketa eta haurrentzako hainbat ekitaldi izanen dituzte igandera arte.

Gero eta gutxiago falta da sanferminetarako, jakina, baina baita Iruñerriko beste hainbat herritako eta auzotako festetarako. Jai denboraldia ostiralean hasiko da, Sanduzelaiko festekin. Ordutik aurrera, jai bat hurrengoari kateatuko zaio. Konparaziora, hurrengo asteburuan Txantreako festak izanen dira. Sanduzelain festak ostiralean hasi eta igandean amaituko dira.

Txupinazoa, beraz, ostiralean, hilaren 24arekin, arratsaldeko 19:30ean botako dute, O parkean. Ikastetxeko bertsolariek emanaldia eginen dute. Eta larrainzadntza ere izanen da. 20:00etan txistu eta gaita dantzaldia izanen Sanduzelaiko gaitariekin eta Zandua txistulariekin, Auzo Elkartearen karrikan. 21:15ean adardunak ganadutegiko xexenak izanen dira Landa, Juaristi, San Martin eta Salva karriketan. 22:00etanherri bazkaria eginen dute Nikasio Landa kalean. Eta 23:00etan dantzaldia izanen dute karpan, Garraxi plaza taldearekin. Azkenik, gauerdian, Jarauta 69 txaranga mitikoarekin festa eginen dute Auzo Elkartearen egoitzan.


Larunbatean, goizeko 9:00etan abiatuko da XIX. Arrantza lehiaketa, Arga ibaiaren ertzean. 10:00etan dianak joko dituzte auzoko karriketan zehar. 11:00etatik aurrera auzoko kilikien eta erraldoien konpartsaren ibilbidea eginen du, Txantreakoarekin batera. 12:00etan kalderete lehiaketa eginen dute Sandua Parkearen ondoko zelaian. 17:30ean, txikientzako jolasak izanen dira, Eureka taldearen eskutik. 19:00etan, jaietako karpan 70eko eta 80ko hamarkadetako kanten bertsioak joko ditu Red Planet taldeak. 20:00etan, Zandua txistulariek eta Sanduzelaiko gaitariek berriro dantza egiteko aukera eskainiko dute. 21:15ean entzierroa eginen dute Adardunak ganadutegiko adardunekin. 22:30ean kontzertua izanen da karpan Legez kanpo, Insomnio kroniko eta De kuajo taldeekin. Azkenik 00:00etan, Naparmex kontzertua izanen da, Vidrio eta Otxoa taldaerekin.

Igandea izanen da festetako azken eguna. 10:00etan dianak eginen dituzte. 11:00etan, auzoko erraldoien beren ibilbidea hasiko dute O plazatik Arrotxaekoek lagundurik. 12:30ean aperitif musikatua eginen dute jaietako karpan Los compadres taldearekin. 17:00etan txipi-txapa lehiaketa eginen dute Arga ibaiko ertzean. 17:30ean kapoeira erakustaldia izanen da Ascana taldearekin. 18:30ean, dantzaldia Aitor plaza taldeak markaturiko erritmoan. 20:00etan, azken maiordomo dantza. Eta azkenik festak amaitzeko 20:30ean, azken entzierroa Adardunak ganadutegiko gurpildun xexenekin, eta larrain dantza.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!