Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza Salestarretara aldatzea aztertuko du hirigintza gerentziak

Euskalerria Irratia 2015ko api. 14a, 08:53

Iruñeko Hirigintza Planaren aldaketa onartuko dute asteazkenean eta gerentziak aztertuko du Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza Salestarren komentua zenean ezartzeko aukera.

Bihar bilduko da hirigintza gerentzia. Iruñeko hirigintza planaren aldaketak izanen dituzte aztergai eta tartean Iruñerriko Mankomunitateko egoitza Salestarren komentua zenera bideratzeko aukera aztertuko dute. Aurreikusitako aldaketa horrekin, Chinchilla Jenerala kaleko orain arteko eraikina bizitegi-gune bilakatuko litzateke eta Mankomunitatearen egoitza Salestarren komentua zenean jarriko lukete.

Leku aldaketa horiek beste eragin bat ere sortuko dute: Alde Zaharreko Eraberritze eta Babeste plana aldatzea. Izan ere, plan horrek zerikusia du Salestarren egoitzarekin. Bestetik, Zabalguneetako Erreforma Berezien egitasmoak Mankomunitatearen egungo egoitzari dagokio. Planak, biak ala biak moldatu eginen dituzte leku aldaketa horiek aurrera ateraz gero.

Salestarren egungo erabilera erlijiosoa aldatzearen alde azaldu zen Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo arloko Vianako Printziaren Erakundea. Nabarmendu du erakunde horrek Iruñerriko Mankomunitatea hartuko balu hemendik aurrera, egoitzaren erabilera publiko-administratiboa izanen litzatekeela.

Iruñerriko Mankomunitateak hogei urte daramatza egoitza berria behar duela eskatuz. 2010ean iritsi zen akordio batera Nafarroako Kutxaren Fundazioarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!