Miren Peñari agur hunkitua eskaini diote ehunka antsoaindarrek

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 24a, 21:49

Hipotekak Kalteturikoen Plataformak (PAH) dio Laboral Kutxak Jokaera Onaren Kodea aplika ziezaiokeela Peñari. Antsoaingo elkarretaratzea bideo batean laburbildu du Ahotsa.info-k

Ehunka lagun elkartu dira gaur arratsaldeko 19:00etan Antsoaingo Udaletxearen parean, Miren Peñari azken agurra emateko. Peña antsoaindarra zen, eta iragan larunbatean bere buruaz betse egin zuen, PAH-k eta LABek salatu dutenez, langabeziak eta hipotekarekin zituen arazoek itota.

Datozen orduotan, Peñaren heriotza salatzeko protestaldi gehiago eginen dituzte. Besteak beste, larunbatean Iruñean manifestazioa eginen dute, 17:30ean Gurutze plazatik abiaturik.

Peñak Laboral Kutxarekin zuen hipoteka. Joan den astean, zorra birnegoziatzea eskatu zion finantza entitateari, eta hark ostiralean ezetz erantzun zion, erregistraturiko gutun baten bitartez.

Atzo, Laboral Kutxak ohar bat karrikaratu zuen. Hartan, azaltzen zuen ostiraleko gutunak besterik gabe zioela Peñak ez zituela betetzen legeak ezartzen dituen baldintzak jokaera onaren kodea aplikatu ahal izateko.

Gaur, PAHk Laboral Kutxari beste ohar batekin erantzun dio. Hartan besteak beste dio legeak berak dioela baldintzak bete gabe ere aplika daitekeela jokaera onaren kodea. "Prentsa oharra erredaktatzeko eman duzuen denboraren hamarren bat eman izan bazenute Peñaren erantzuna prestatzen ez bankuko operazio bat bezala baizik eta pertsona bati eman beharreko erantzun baten moduan, erantzun hori askoz hurbilagoa izanen zen", gaineratzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!