Iruñeko garraio zerbitzua erabat aldatuko lukeen egitasmoa aurkeztu du Mankomunitateak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 18a, 09:54

Hiru autobus-linea nagusi ezarriko lituzkete, autobus handiagoak lirateke eta azkartasun handiagoa lukete. Arintasuna emanen lioke proiektuak garraio publikoari eta autoa ez erabiltzeko erraztasunak emanen lizkieke bizilagunei.

Bi urte aritu da Iruñerriko Mankomunitatea proiektua lantzen. Aldaketa integrala ekarriko lukeen egitasmoa aurkeztu zuen atzo. Hiru autobus-linea nagusi ezarriko lituzke planak: hiria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko lukete hiru autobus horiek eta tranbiaren itxura hartuko lukete horrela. Azkartasuna areagotuko litzateke eta jende gehiago kabituko litzateke autobus bakoitzean. Horretarako errepideak moldatu eta egokitzeko beharra ere azpimarratzen du proiektuak.

Autoari aurre egiteko proposamena dela jakinarazi du Mankomunitateak. Villavesen erabilera handitu bai, baina bizikletak ere garraio alternatibo gisara planteatu ditu. Hiri eredua erabat aldatu beharko litzateke Mankomunitatearen aburuz bai forman eta baita muinean ere. %11 murriztu nahi dute kotxearen erabilera, gaur egungo erabilera %41ekoa da eta %30era jeitsi nahi dute. Horrez gain, villavesen erabilera %7 igotzea da erronka, gaur egungo erabileraren %13tik %20ra eta oinezkoen eta bizikleta aukeratzen dutenena ere haztea lortu nahi dute %44tik %55era.

Gasteiz, Bartzelona, Hamburgo, Rouen, Helsinki eta Eindhoven hiri garraioa hartu ditu Iruñerriko Mankomunitateak adibide gisa. Lehentasunak aldatu beharra agerikoa da: Iruñean protagonista izan da eta gaur egun ere bada autoa. Horri buelta eman eta bigarren mailako bilakatzea da erronka.

Aldaketak ekarriko lukeena

Bi aukera planteatzen ditu proiektu berriak: gaur egungo garraio zerbitzua hobetzea da aukeretako bat eta bestea erabat aldatuko lukeena egungo villavesa zerbitzua. Bigarren aukeran jarri dute indarrik gehiena. Horretan ezarriko lituzke hiru autobus zerbitzu trinko, hiria alde batetik bestera zeharkatuko luketen hiru linea nagusi alegia. Hiri eredua erabat aldatzea ekarriko luke eta baita mugikortasun kontzeptua aldatzea ere.

2003an 32.458.528 desplazamendu izan ziren Iruñerriko garraio publikoan. Helburua autoaren erabilera ahalik eta txikiena izatea da eta haztea kutsadura gutxiago dutenena: oinezkoena, bizikletarena eta autobusarena. Ansoain, Aranguren, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain, Orkoien, Iruñea eta Atarrabian izanen luke aldaketak eragina.

49,5 milioi eurotako aurrekontua beharko luke egitasmoak. Batez ere hiru autobus-lineak prestatzeko gastuari aurre egiteko beharrezko inbertsioa da hori. Bi urtetarako lanak izanen liratekeela aurreikusi dute, baina, proiektu osoa amaitzeko lau urte ere beharko dituzte. Ikerketa horren arabera, egitasmoa eginen balitz 4.418 tona CO2 gutxiago isuriko lirateke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!