Erregulazio espedientearen baliogabetzea ez errekurritzeko eskatu dute Ganasako langileek

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 17a, 12:36

Auzitegi Gorenak baliogabe utzi berri du Ganasak onartu zuen lan erregulazio espedientea eta kaleratutako 33 langileak berriz hartzeko agindu Du. Parlamentuan izan dira Ganasako  enpresa-batzordeko ordezkariak.

Duela bi urte lan erregulazio espedientearen bitartez Ganasa enpresa publikoak kaleratutako 33 langileak berriz hartzekoa ebatzi du Auzitego Gorenak. Modu horretan baliogabe utzi du lan erregulazio espedientea.

Erabaki hori pozez hartu dute gaur egun Ganasan oraindik lanean dihardutenek eta enpresa komiteko ordezkariek: "Bi urte daramatzagu kaleratzeak salatzen, bidegabeak eta arbitrarioak izan direlakoan gaude". Auzitara ere jo dute enpresa komiteko langileek, eta euren aldeko epaia atera delako kontent azaldu dira gaur Parlamentuko lan saioan.

Enpresa, langile gutxiagorekin aurrera ateratzen jakin dutela ere nabarmendu dute. "Bi urte hauek itogarriak izan dira. Lana erruz egin dugu eta ezin izan dugu proiektu berrietan parte hartu ez baikinen gai arlo guztietara iristeko", jakinarazi dute. Bi urte hauetan ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna izan dira nagusi. Bokazioz eta profesionaltasunez aritu direla nabarmendu du enpresa komiteko eledun Maria Velak.

Jokaera aldaketa sumatzen hasiak dira

"Enpresaren kudeaketa eskuz aldatu zenetik, elkarrizketak ohiko bilakatu dira enpresaren eta langileen artean, eta jarrera aldaketa ere agerikoa da", hala uste dute. Horri tiraka eskaera zehatzak eraman dizkiete Ganasako enpresa komiteko ordezkariek Parlamentukoei: auzitegi gorenak emandako ebazpenari errekurtsorik ez jartzea, bideragarritasun plana egitea, enpresa kudeatzailearekin jokaera positiboarekin segitzea, inplikazioa alde guztietatik izatea eta enpresari egonkortasuna ziurtatzea.

Parlamentuko ordezkarien txandan, nabarmendu dute Ganasa zinez beharrezkoa dela Nafarroarentzat eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez diezaiola errekurtsorik jar Auzitegi Goreneko ebazpenari. Ingurumen arloko gaiak landu eta erkidegoaren osasun ekologikoa hobetzeko ari da lanean Ganasa eta etorkizuna ziurtatzeko eskatu dute.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!