Udalak ez die salestarren gunea Txantreako kolektiboei utziko

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 17a, 08:35

Hutsik dagoen espazioa izanik, Iruñeko Udaleko oposizioko kideek eskatu diote UPNri helarazi diezaiela salestarren gunea kolektiboei. Ana Lezkanok, Udaleko gizarte zerbitzuetako zinegotziak, ezezkoa eman zien atzo.

Iruñeko Udalak ez du asmorik salestarren gunea Txantreako kolektiboei uzteko. Hala nabarmendu zuen atzo Ana Lezkanok, Gizarte Zerbitzuetako udaleko zinegotziak. Jarrera hori kritikatu dute udaleko oposizioko kideek eta eskatu diote zuzendu dezala jokaera hori eta duela hilabete batzuk promes egindakoa bete dezala.

Geroa Bai, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak erabaki politikotzat jo dute UPNren Iruñeko agintariek hartu dutena. Itziar Gomezen ustez, "gunea orain ez uztea onartezina da, kolektiboei itxaropen hori eman zitzaien hitzarmena sinatu zenean, auzoko unitatea hartuko lukeen espazioa eta gizarte ekimenetarako gunea sortzeko litzatekeela esanez". Logikarik gabe jokatzea leporatu dio Geroa Baik UPNri.

Txantrea auzoko kolektiboei babesa eman die EH Bilduk eta goraipatu du salestarren gunea erabiltzeko aurkeztutako proiektuaren balioa. "Txantreatik eta Txantrearako lanean aritzeko gogoa eta grina erakusten du egitasmoak", nabarmendu du koalizioak. Onartezina da UPNk ezarri dien muga, "auzoko taldeei uzteak aberastasuna ekarriko dio Iruñea osoari".

Parte hartzerik gabeko politiketan oinarritutako beste adibide bat dela dio Izquierda-Ezkerrako Edurne Eginok. Udalaren eta Miserikordia Etxearen arteko hitzarmenak ahalbidetzen duena da auzoek unitate bat izan dezatela euren arazoak aztertu eta lantzeko eta batez ere gizatte zerbitzuei begirako lanak gauzatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!