iñaki Irisarri: Suizidioa

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 18a, 16:39

Argitaratu berri den informazio baten arabera, suizidioa da Nafarroan heriotza gehien eragiten duen arrazoia, arrazoi naturalak –hala dio berriaren izenburuak– alde batera utzita.

Eta bai, suizidioa hor dago, hor egon da beti, eta, zoritxarrez, beti egonen da gure artean, edozein direla ere testuingurua eta inguruabarrak. Baina gaia tabu samarra izaki, normalean ez diogu heltzen solasean ari garela, kontu lazgarri eta deserosoekin egiten ohi dugun bezala.

Ziur aski denok ezagutzen dugu hurbil samarretik suizidio kasuren bat, bai eta horrek joandakoaren hurbileko jendearen baitan utzitako oinazea eta etsipen mingarria ere. Baina esanen nuke era berean gehien-gehienok ezagutzen dugula, nahiz eta akaso horren berri zehatzik jakin ez, garai batean suizidioaren zulotik gertu ibili bai, baina gaur egun ideia hura arras baztertua duen pertsona ugari.

“Pasatzen utzi behar den hodei beltza”; horrela definitu zidan behin ataka larrian egondako lagun batek norbaitek bere burua hiltzeko gogoa dueneko aldi goibela. Irakaspen polita. Bestela, arriskua garbi dago: atzerabiderik gabeko erantzun bat ematea etorri bezala noizbait ere aldendu daitekeen estualdi bati. Gehiago ere esan nahi dut: azkenean bere buruaz beste egin ez zuen lagun horrek kontsolamendu handia eskaini dio berriki mundu hau utzi nahi gabe, azkenean ustekabeko eritasun gupidagabe baten ondorioz gure artetik alde egin behar izan duen beste lagun bati. Bizialdiko txiribueltak...

Hala bada, nire lagunarena bezalako irakaspen gehiago behar dugulakoan, beti biharamunaren biharamunerako uzteko moduko kontua izan dadila suizidioa, hodeia bezala, berez urrundu arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!