Hemen gaude, pederastiaren alde?

Euskalerria Irratia 2013ko aza. 26a, 13:37

Ikusgarria Diario de Navarrak gaur lehen orrialdean, zutabe batera, karrikaratu duen goiburua: “Abertzaleak eta Izquierda Ezkerra, terroristek eta pederastek eskolak ematearen alde”. Kontua da UPNk atzo iragarri zuela Madrilgo Diputatuen Kongresuan proposatuko duela terrorista eta pederasta preso ohiek ezin izatea eskolak eman. Eta goiburuan ageri diren indarrek ez zutela proposamena begi onez ikusi. Hortik izkiriatu duten lerro-burua izkiriatzera, jakina, tarte handia dago. Baten batek gogora ekarri du pederastak ohikoagoak direla bestelako ikastetxe batzuetan.

Diario de Navarraren gaurko azala

Ikusgarria, halaber, Intereconomia telebistak bart gauean egin duena: Iturrama institutuan ezkutuko kameraz harturiko irudiak pantailaratu zituen, testutxo deigarri batek lagundurik “Intereconomia ETAren Nafarroako ikasgeletan sartu da”. Gainera, adingabeen aurpegiak pixelizatu gabe pantailaratu zituzten.

Intereconomia telebistaren atzoko saioko irudi bat

Aurretik, antzeko informazioak plazaratu dituzte El Mundo, ABC eta La Razon egunkariek.

Non dago muga? Ba al dago mugarik? Noraino irits daitezke? Zer ote hurrengoa? Galdera horiek eta gehiago egin dizkiogu Berriako kazetari Joxerra Senarri. Eta ideia interesgarriak iruzkindu ditu gure mikrofonoen aitzinean.

Bi ekarriko ditugu lerrootara. Bat, kezkagarria: batetik, UPNk konfrontazioa behar du desesperatuki botoei eusteko; bestetik,  zentro muturreko hedabideei ETA, euskara, Nafarroa bezalako gaiak oso ongi datozkie krisi garaiotan audientziak hobetzeko. Eta UPN zein ‘zentro muturreko’ hedabideak etika guztiz baztertzeko prest daude botoak eta audientzia lortzeko.

Eskuin mediatikoa jada ez da hegemonikoa Nafarroan

Senarren bigarren iruzkina, baikorragoa da: Diario de Navarra jada ez da hegemonikoa Nafarroan, eta agenda informatiboa markatu ahal izateko Madrilgo hedabide handien laguntza behar du. Nafarroan gauzak aldatzen ari dira. Eta hain zuzen ere hortik datoz oldarraldi hauek.

Senarrekin batera EILAS sindikatuko Iñaki Redin eduki dugu gure estudioan. Hark ere oso gogoeta interesgarriak egin ditu. Kasu honetan ere bi ekarrriko ditugu testu honetara.

Lehen gogoeta, kezkagarria da: aurrematrikulazioa otsailean izanen da, eta horri begira antolatu du UPNk kanpaina hau, ingelesezko PAI eredua inposatzen saiatzen ari den honetan. D eredua aitzindaria izan da ingelesa inkorporatzen, eta ingelesa-euskara dikotomia faltsua apurtu behar da.

Parlamentuaren babesa haratago joan behar da

Bigarren gogoeta, baikorragoa eta etorkizunera begirakoa: Nafarroako Hezkuntza komunitate osoak bat egin du LOMCEren aurka. Eta horrek oso urduri jarri du UPN. Bide horretatik segitu behar da.

Nafarroako Parlamentuak D ereduko irakasleei babesa eman die, eta hori oso ongi dago. Baina alderdiak haratago joan behar dira. Urratsak egin behar dira, LOMCE Nafarroan aplika ez dadin.

Martin Julianen elastikoetako bat

Senarren eta Redinen ekarpenak mamitsuak eta serio hartzekoak dira. Nolanahi ere, umorea ere bide egokia izaten ahal da euskal irakaskuntza publikoaren aurkako erasoari erantzuteko. Twitterren, hainbatek erabili du, #ModeloDinamita traolarekin. Eta Martin Julian elastikogileak tixert sorta ederra sortu du ideia horretan oinarriturik. Ez eman amore, eman umore. Hemen gaude, pederastiaren alde?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!