Villavesetako gizarte txartela, martxan

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 3a, 09:38
Argazkia: Aranguren TV

Gizarteratze Errenta jasotzen dutenek eskatzen ahal dute atzotik indarrean dagoen txartel berezia. 0,17 euro kostako zaie bidai bakoitza. Iruñerrian 9.000 familia inguruk dute eskubidea hiri barruko garraio publikoan merkeago ibiltzeko.

Iruñerriko Mankomunitateak indarrean jarri du gizarte txartel berria. Atzotik eskatzen ahal dute Gizarteratze Errenta jasotzen dutenek edo ezarri duten gutxieneko ondaretik behera dutenek. Erabiltzaileek 0,17 euro ordainduko dituzte bidai bakoitzeko, ohiko bonobusarekin ordaintzen dutena baino %75 gutxiago.

Gizarte txartel berri honekin desagertu egin dira langabeentzat eta diru-sarrera mugatuak dituzten erretiratuentzat ezarriak zituzten prezio bereziak. Hori bai, tarifa murriztua izateko eskubidea 2014ko abenduaren 31 baino lehen aitortua dutenek 2019ko amaierara arte eutsi ahal izanen diote.

Iruñerriko Mankomunitatearen arabera, 108 lagunek eskatu dute gizarte txartel berriaren inguruko informazioa aurreneko orduetan. Iruñerrian 9.000 familia inguru bizi dira Gizarteratze Errentari esker; haietatik %85ek erabiltzen du hiri barruko garraio publikoa.

Nortzuk eskatzen ahal dute?

Gizarteratze errentarekin bizi direnez gain, diru-sarrera mugatuak dituztenek ere eskatzen ahal dute gizarte txartel berria. Besteak beste, 366,90 euroko pentsioa dutenek edo 426 euroko langabezia laguntza jasotzen dutenek.

Nola eskatu

Iruñerriko Mankomunitateko bulegora joan behar dute eskatzaileek, eta Gizarteratze Errenta jasotzen ari direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu, edo gizarte zerbitzuen agiri bat, laguntza hori jasotzeko baldintzak betetzen dituztela baieztatzen duena. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!