Bildutako dirua igotzea eta zorra jaistea lortu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 13a, 08:33

Iruñeko Udalaren aurreikuspenen arabera, 2016. urtea 201,9 milioiko diru-sarrerekin itxiko da, % 5,4 gehiago, eta 188,2 milioiko gastuekin, % 1 gehiago, superabit-aurreikuspena 13,6 milioikoa delarik.

Iruñeko Udalak 201,9 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2016an, aurreko urtean (191,4 milioi) baino % 5,4 gehiago. Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek prentsaurrekoan azpimarratu du Udalak diru-sarrerak sortzeko gaitasuna handitu izanak beste mailegurik eskatu behar gabe eta aurreko urteetako geldikinekin lotutako gastu-ahalmena agortu gabe erakusten duela kudeaketa “oso positiboa” izan dela.

Diru-sarrerei dagozkien parametro adierazgarrien emaitza egokiez gain, Patricia Peralesek –Ogasuneko, Merkataritzako eta Turismoko zuzendari Gerardo Hurtadok lagunduta– egindako agerraldian funtsezkoak diren bi kontu ere azpimarratu ditu: Udalak diru-sarrera gehiago ditu, eta aldi berean, gero eta gehiago ari da zorra murrizten (6,01 milioi, 2016an), eta interesei dagokien finantza-zama gisa ordaindu beharreko kopurua ere murriztu du (0,7 milioi 2016an zehar).

Gastuez bezainbatean, aurreko urteko ekitaldia 188,2 milioi eurorekin itxiko da, % 1eko igoera gastuan, 2015ekiko. Kopuru hauek ehunekoetara ekarrita, aurrekontuaren betetze-maila ia % 92koa da (% 91,6koa), hau da, azken 7 urteotako batez bestekoan, nahiz eta kudeatutako gastua 2014an gauzatutako aurrekontua (181,63 milioi) baino 3,6 puntu handiagoa eta 2015ekoa (186,7 milioi) baino puntu bat handiagoa izan.

Diru-sarrerak eta gastuak uztartuta, aurreikuspena da 2016. urtea 13,6 milioi euroko superabitarekin ixtea. Kopuru hori lortu da, besteak beste, honako hauei esker: Udalak bere burua finantzatzeko gero eta gaitasun handiagoa dauka (zuzeneko eta zeharkako zergen gaineko dirua biltzeko gaitasuna igo da), kontrata nagusietan egondako beheranzko lizitazioei esker aurrezkiak metatu dira eta Udalari emandako maileguek eraginda ordaindu beharreko interesak murriztu dira. Aurreikuspena da superabit horren zati bat bideratzea Udalaren zorra murrizten jarraitzera, eta beste zati bat (7,5 milioi euroan jo da) bideratuko da 2017. urterako aurreikusi eta finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioetara.

Horixek dira Udalaren aurrekontua gauzatzeari buruzko iazko kopuru nagusiak, zeinak behin betikoak izanen baitira erakundearen aurrekontu bateratuan –enpresa publikoen eta erakunde autonomoen kontuak ere biltzen dituena– txertatzean. Aurreikuspenen arabera, hilabete honetan izanen da aurrekontu bateratuaren behin betiko likidazioaren berri, eta behin betiko espedientea –behin osatuta– maiatzean aurkeztu ahalko zaio Kontuen Batzordeari, hortik Osoko Bilkurara bidera dadin.

Joera positiboa, azken bi urteetan finkatua

Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek nabarmendu du kopuru horiek erakusten dutela hiriaren egoera ekonomikoa –oro har– eta Udalarena –bereziki– hobetzen ari dela. Zinegotziak jakitera eman zuen 2014tik diru-sarreren aurrekontua 13,2 milioi euroan handitu dela, hain zuzen, 188,92 milioitik 201,94ra. Hala zuzeneko zergen (kontribuzioa eta zirkulazioaren gaineko zerga) nola zeharkakoen (gainbalioak eta EIOZ) gaineko diru-bilketaren igoera –zerga-tasa igo gabe– hiriaren egoera ekonomikoaren hobekuntzaren erakusgarri da. Alta, joera hori bete-betean baieztatuko luke tasa eta prezio publikoen (gehienak izoztuta duela zenbait urte, eta batzuk 2016rako jaitsita) inguruko diru-bilketa igo izanak. Zuzeneko zergei dagokienez, iaz, Iruñeak 55,77 milioi bildu zituen; zeharkako zergei dagokienez, 8,04 milioi, eta tasa eta prezio publikoen kasuan 28,67 milioi, azken kasu honetan, aurreikusitakoa baino % 7,7 gehiago.

Gastuei dagokienez, horiek ere 6,6 milioi igo dira azken bi urteetan. Kasu horretan, langileria-gastuak 2,3 milioi igo dira, eta erosketa-gastuak 3,1 milioi; bestalde, honako hauek murriztu egin dira: osasun laguntzaren aurrerakinak (milioi bat), kapital-transferentziak (5 milioi), interesak (0,7 milioi), transferentzia arruntak (0,8 milioi) eta zorraren amortizazioa (0,4 milioi). Baina, dudarik gabe, daturik ikusgarriena inbertsioena da, non Udalak % 194ko igoera izan duen azken bi urteotan; izan ere, 2014an 4,7 milioi gauzatu ziren, eta 2016an, aldiz, 13,83 milioi (2015ean 11,4 izan ziren). Alabaina, kapital-transferentziak (Hirigintza Gerentziaren bidez inbertsioetara bideratutako partidak) inbertsioekin batera kontuan hartzen badira, inbertsio-proiektu errealetan gastatutakoa % 36,5 igo da (2014ko 11,5 milioietatik, 2016ko 15,6 milioietara).

Langileria-gastuen igoera aparteko ordainsariaren ordainketagatik, eta finantza-gastuen jaitsiera

2016an, langileria-gastuak 76,8 milioi euro izan ziren, guztizkoaren % 40. Apur bat igo dira, % 0,7, aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste udal-langileei zor zitzaien aparteko ordainsariaren % 50 ordaindu zaielako, soldatak % 1 igo direlako eta benetako plantillara egokituagoa zegoen gastu-aurreikuspen bat egin zelako, eta horrek partida honen betetze-maila handiagoa ekarri du.

Halaber, gastu arrunta ere igo da, besteak beste Udalaren zerbitzu-eskaintza handitu delako zenbait arlotan, herritarren behar berriei erantzute aldera (prozesu partizipatiboak, auzo-eztabaidaguneak, auzoen diagnostikoak, genero-ikerketak edo hitzarmen berriak Prebentzio Soziokomunitarioko Zerbitzuekin, Mendillorrin eta Milagrosa-Ermitagañan). Kopuruei dagokienez, gastu arrunta 61,6 milioitik 66 milioira pasa da, % 7 gehiago, alegia.

Finantza-gastuak –finantza-eragiketek eragindako interesak– jaitsi dira, 2015eko 2,9 milioietatik 2016ko 1,1era. Kapital-transferentziak eta finantza-aktiboen eskuratzea jaitsi egin dira, 2015. urtearekin alderatuta, izan ere, ez da beharrezkoa izan Udalaren gastuei aurre egiteko gastu gehiago ordaintzea kanpoko finantzazioari edo kredituei heltzeagatik. Zorrari dagokionez, 6.098.224,27 euro amortizatu dira, aurreko urtean baino zertxobait gutxiago (6,3 milioi). Horrela, zorra 72,8 milioi eurokoa da (Udalari egotz dakizkiokeenak soilik kontuan hartuta eta erakunde autonomoen eta enpresa publikoen zorra kontuan hartu gabe).

Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legeak inposatutako mugak

Alorrez alorreko betetze-mailaz bezainbatean, batez bestekotik behera daude Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorra (aurreikusitako aurrekontuaren % 66,4 gastatu du), Hirigintza –azpialorra Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorraren barruan– (% 75,73) eta Ogasuna, Merkataritza eta Turismoa –Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorraren barruan– (% 80,53). Aitzitik, Herritarren Segurtasuneko Alorra da kontuen betetze-mailarik handiena duena, aurrekontuan ezarritakoaren % 99,48 gauzatu baitu. Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorrak % 95,27 gauzatu du; Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorrak, % 95,18 eta Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrak % 95,06. Batez bestekoaren gainetik daude, baita ere, Gobernu Gardena eta Giza Baliabideak, % 93,43 eta % 93,39rekin, hurrenez hurren.

Bestalde, Patricia Peralesek azpimarratu zuen Udalaren autosufizientzia-gaitasuna handitu dela. Izan ere, azaldu zuen diru-sarrera arruntak 95,36 milioi eurokoak direla (zuzeneko nahiz zeharkako diru-sarrerak, tasak eta prezio publikoak, eta ondareko diru-sarrerak), gastu arrunten % 57, azken horiek 166.325.124,83 eurokoak baitira (langileria-gastuak, gastu arruntak, finantza-gastuak eta transferentziak).

Azkenik, Tokiko Ekonomia Jasangarriko arduradunak azpimarratu zuen aurtengo aurrekontuen aurkezpenean aipatu zen gertaera kontu garrantzitsu bat: Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legeak Iruñeko Udalaren nahiz Foru Komunitateko gainerako toki-erakundeen autogestio-gaitasunari inposatutako mugak. Izan ere, Peralesek azaldu zuen Iruñeari dagokionez, Udalak 2016an bazuela gaitasuna diru-sarrera gehiago sartzeko aurrekontuetan –azkenean, horrela gertatu da–, eta horrela, gastu-ahalmena handitu ahal izango zuen, baita inbertsio gehiago finantzatzeko aukera ere, betiere finantza-orekaren printzipioarekin bat. “Baina Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoak ezarritako gastu-sabaiak eragotzi egiten du gastu horiek handitzea arau-aldaketetatik ez datozen diru-sarreren areagotze-aurreikuspenetan oinarrituta. Hau da, legeak ez du uzten toki-administrazioek biltzen dutena gastatzea, eta hori aldatu behar da”, aldarrikatu zuen Peralesek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!