Martxoaren 8ko mobilizaziora joateko deia zabaldu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 6a, 08:39
Argazkia: Iazko martxoaren 8an Iruñeko Udalak eginiko elkarretaratzea.

'Iruña, molde femeninoan' argazki-lehiaketaren sari-banaketa eginen dute bihar, Kondestablearen jauregian, 19:30ean; martxoaren 9an mundu digitalarne eta feminismoaren inguruko mintzaldia izanen da.

Martxoaren 8an aurtengo manifestua irakurriko da, Eta zuk zer, esan ala egin? Oraindik ere ez dago berdintasunik: feminismoa da bidea leloa duena. Horrez gain, programan gonbita egiten da parte hartzeko martxoaren 8an Gazteluko plazan eginen den manifestazioan, 20:00etan; Iruña, molde femeninoan argazki-lehiaketaren sari-banaketa eta erakusketa ere egingo da, eta halaber, hilabete honetan inauguratuko da Emakume Aitzindarien Parkea Lezkairun, non hainbat plaka jarriko diren irakasle, konpositore, emagin edo abeslari lanetan –beste garai batzuetako gizarte-sistemak ezarritako ohiko ama eta emazte rol baztertzaileekin lerrokatzetik haratago– aritu ziren emakumeen omenez. 

Feminismoa da bidea

Eta zuk zer, esan ala egin? Oraindik ere ez dago berdintasunik: feminismoa da bidea, horra aurtengo leloa, zeinak interpelazioa izan nahi baitu hala herritarrendako nola erakunde nahiz gizarte-eragileendako, eta eskatu benetan eta gehiago inplikatu daitezela, diskurtsoetatik haratago, ekimen, engaiamendu eta ekintza zehatzetan. Esloganaren bigarren zatiak ikusarazi nahi ditu emakumeek gaur egun bizi dituzten askotariko desberdintasun- eta diskriminazio-egoerak, eta feminismoa kokatu nahi du berdintasuna lortzeko beharrezko eraldaketaren funtsezko gizarte-motore gisa. Testua Nafarroako hainbat toki-erakundetako Berdintasuneko Alorrek adostu dute, eta egileen arabera, feminismo hitza mantendu da mugimendu horren legitimazioaren aldeko lana laguntzeko.

Otsailaren 9ko Bozeramaileen Batzordeak onetsitako adierazpena martxoaren 8an irakurriko da, asteazkenarekin, Udaletxe plazan, 12:00etan. Hauxe dio adierazpenak: “toki-erakunde garen aldetik, honako konpromiso hauek adierazi nahi ditugu: toki-erakundeok berdintasun-politikak bultzatzen jarraituko dugu, gure politika publiko guztietan berdintasun-printzipioa txertatuko dugu, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako ekintzak abiaraziko ditugu” eta babesa ematen dio “mugimendu feministak berdintasunaren alde egiten dituen eskari eta borrokei, baita emakumeen eskubideen defentsan inplikatuta dauden lagun guztienei ere”.

Jarduerak gaztelaniaz eta euskaraz

Mahai-ingurua Kondestable Civivoxean egingo da, martxoaren 9an, ostegunarekin, 19:00etatik 21:00etara. Bertan izango dira Andrea Momoitio (Pikara Magazinean lan egiten duen ziberfeminista eta moderatzaile arituko dena), Anita Botwin (txiolaria eta bideo-jokoetako gidoilaria), Mentxu Ramilo (coacher digitala, eta aditua alfabetizazio, demokratizazio eta ahalduntze digitalean) eta Irantzu Varela (kazetari digitala, feminista; Faktoría Lilan lan egiten du eta El Tornillo saioaren aurkezlea da).

La desigualdad en el entorno digital. Miradas y prácticas feministas izenburupean, zenbait ideia plazaratuko dira, hala nola aro digitala izenekoak ez duela ekarri sorkuntza, aisialdi eta komunikazioa ahalbidetzeko marko berri bat, azpiegitura patriarkalaren barruan sortutako praktika eta diskurtsoetatik at. Inguru digital berrietan, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak indarrean daude oraindik ere, eta errepikatzen ari dira, hala sarbidean nola erreferenteak eraikitzean. Saioan, hizpide izanen dira munduko hainbat lekutako eta zenbait esparrutako emakumeak, halakoak ezen bideak ireki eta oztopoak gainditu eta haien ibilbide eta esperientziekin erakusten baitute inguru berri hauek erronka eta aukera direla emakumeak banaka eta kolektiboki ahalduntzeko, eta baita ere, diskurtso patriarkalaren “dekonstrukziorako” eta gune feminista eta eraldatzaileak eraikitzeko.

Iruña, molde femeninoan argazki-lehiaketaren sariak Kondestablearen jauregian banatuko dira martxoaren 7an, 19:30ean. Epaimahaiak aukeratutako irudiekin osatutako erakusketa Kondestable Civivoxean egonen da ikusgai martxoaren 8tik aurrera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Martxoak 8. Emakumeen Nazioarteko Eguna

  • Martxoak 1
  • Antzerkia euskaraz (Irrizikloa). Eltxoak (Amaia Irazabal) eta Sarean kateatuak (Nomofobikoak). Nafarroako Antzerki Eskola. 20:00. Sarrerak: 3 euro
  • Martxoak 2
  • Solasaldi-topaketa. Cuerpo-documento. Estitxu Arroyo Sánchez, performer-aktorea, narratzailea eta eszena-sortzailea. San Frantziskoko liburutegia. 19:00
  • Hitzaldia euskaraz. Euskara generoaren ispiluan barrena. Hizkuntza praktikak, bizipenak eta gogoetak nerabeen artean. Hizlaria: Jaime Altuna. Kondestable Civivoxa. 19:30
  • Martxoak 7
  • Iruña, molde femeninoan argazki-lehiaketako sari-banaketa. Kondestablearen jauregia. 19:30.
  • Martxoak 8
  • Elkarretaratzea eta Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestuaren irakurketa instituzionala: Eta zuk zer, esan ala egin? Oraindik ere ez dago berdintasunik: feminismoa da bidea. Udaletxe plaza. 12:00.
  • Iruña, molde femeninoan, argazki-erakusketa. Martxoaren 8tik aurrera, Kondestable Civivoxean: 09:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00.
  • Manifestazioan parte hartzeko gonbidapena. Gazteluko plaza. 20:00.
  • Martxoak 9
  • Mahai-ingurua. La desigualdad en el entorno digital. Miradas y prácticas feministas
  • Kondestable Civivoxa. 19:00 – 21:00.
  • Parte-hartzaileak: Andrea Momoitio (Pikara Magazinean lan egiten duen ziberfeminista eta moderatzaile arituko dena), Anita Botwin (txiolaria eta bideo-jokoetako gidoilaria), Mentxu Ramilo (coacher digitala, alfabetizazio, demokratizazio eta ahalduntze digitalean) eta Irantzu Varela (kazetari digitala, feminista; Faktoría Lilan lan egiten du eta El Tornillo saioaren aurkezlea da)
  • Martxoan
  • Emakume Aitzindarien Parkearen inaugurazioa Lezkairun eta oroit-plakak paratzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!