Tokiko politika publikoen izaera eraldatzailea aztergai, Kondestablearen jauregian

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 28a, 19:30
REAS Nafarroako kideak

Iruñeko Udalak eta REAS Nafarroak asteazkenerako antolatutako jardunaldian administrazio publikoek aplikatu ditzaketen 70 ekimen eta praktika egoki biltzen dituen gida bat aurkeztuko da, besteak beste. 

Lurraldeak eraldatzea Ekonomia solidarioa abiapuntu harturik izenburupean jardunaldi bat eginen da bihar Kondestablearen jauregian. Beste ekonomia-eredu bat bilatzeko moduen inguruko hausnarketa sakona egitea bilatzen du, tokian-tokian jardunez, eta bereziki, politika publikoetatik abiatuta. Jardunaldia Iruñeko Udalak eta Red de Economía Alternativa y Solidaria (REAS) Nafarroak antolatu dute. Sarrera librea da eta 09:15ean hasiko da, Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesen eta REAS Nafarroakoko ordezkari Carlos Rey Bacaicoaren hitzekin.

Goizean (09:00etatik 14:00etara) parte hartzea ahalbidetuko duten saio teorikoak egingo dira, eta aztertuko da nola politika publikoek, tokian-tokian jarduteak eta udalaren eskumenen erabilera egokiek indar egin dezaketen, eraginkortasunez, tokiko zein erkidegoko garapen-eredu berri baten alde , hartara lortzeko eredu bidezkoago eta denontzako onuragarri bat, jasangarritasunaren zerbitzura. Jardunaldiaren zati honetan honako hizlari hauek parte hartuko dute: Bartzelonako Udaleko Xabier Rubio Canok irekieraren ondoren hartuko du hitza; Carlos Askunce Elizagak (REAS Euskadi), 11:30ean; eta 12:15etatik aurrera, Xabier Rubioz gain, Hernaniko alkate Luis Intxauspe Arozamenak, eta Soziologian eta Politika Publikoetan doktore Nora Inwinkl-ek (Solidarius-Italia) hartuko dute parte.

Goizean ere administrazio publikoek aplikatu ditzaketen 70 ekimen eta praktika egoki biltzen dituen gida bat aurkeztuko da.

Crowdfunding bidez finantzatutako dokumental bat, 2015eko César saria

Goizeko saioen ondoren, 17:00etan, Lurraldeak eraldatzea Ekonomia solidarioa abiapuntu harturik jardunaldiak aurrera egingo du, Frantziako Akademiako César sarietan, 2015ean, Dokumentalik Onenaren saria irabazi zuen frantziar film dokumentalaren emanaldiarekin. Ondoren solasaldirako tartea izango da.

Demain / Mañana. Un nuevo mundo está en marcha Cyril Dion-ek eta Melanie Laurent-ek egindako 116 minutuko film bat da. 2100. urterako gizateriaren zati baten balizko desagerpena iragartzen zuen ikerketa baten harira, egileek, beste lau pertsonekin batera, ikerketa bat egin zuten, hamar herrialdetan, jakiteko zerk eragin zezakeen halako hondamendia, eta batez ere, hura saihesteko modua topatzeko. Bidaian zehar nekazaritza, energia, ekonomia, demokrazia eta hezkuntza berrasmatzen ari ziren aitzindariak ezagutu zituzten.

Ekimen zehatz horiek praktikara eramanez, errealizatzaileak etorkizuneko mundua nolakoa izan litekeen igartzen hasiko dira: elikadura subiranotasunerako hazi-bankuak, permakultura, mugarik gabeko fluxuen energiak, zero-zabor eta zero-xahuketa dinamikak, moneta osagarriak eta eskualdekoak, demokrazia partizipatiboa...

Jardunaldia 20:00etan amaituko da.

Hizlariak

  • Xavier Rubio Canok Bartzelonako Udalean dihardu gaur egun, Ekonomia Sozial eta Solidarioko Lurralde-jardunaren arduradun lanetan. Kooperatibista da eta aktibista Kataluniako ekonomia solidarioan. Geografo eta demografoa formazioz.
  • Carlos Askunze Elizagak REAS-Euskadiko (Red de Economía Alternativa y Solidaria) koordinatzaile-zereginetan egiten du lan 2005etik, eta baita Gizatean (Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea) ere, 2007tik. Lehenago, Hegoan -Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuan- egin zuen lan hamar urte baino gehiagotan. Ekonomia sozial eta solidarioko zenbait plataformatan parte hartu du estatuan, haietan hainbat zeregin gainean hartuta, baita Fiare Banka Etikoaren elkarte- eta kooperatiba-egituretan ere. Zenbait gizarte- eta herritar mugimendutan parte hartzen du, bereziki Bilboko San Frantzisko auzoan, bertan bizi baita 1994tik.
  • Luis Intxauspe Arozamena (Hernani, 1972), Hernaniko alkatea da (2011tik), eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean; AEK euskaltegietan irakasle eta eskualdeko euskaltegietako koordinatzaile 20 urtez.

Nora Inwinkl doktorea da Soziologia eta Politika Publikoetan, Sapienza Erromako Unibertsitatean, eta Erromako ekonomia solidarioaren esparruko militantea, non 2015etik Solidarius Italian aritzen baita. Egun, Bartzelonako l"Escola de l"IGOP (UAB) eskolan, beka baten bitartez, ekonomia sozial eta solidarioko politika publikoen gainean ikertzen ari da. RIPESS Europan ere lanean aritzen da, bai eta socioeco.org ekonomia sozial eta solidarioko baliabide-atarian ere, ekonomia sozial eta solidarioko politika publikoen mapaketa sortze aldera. Halaber, Labsus.org erredakzioko kidea da, eta ComuneInfo onlineko aldizkarian idatzi ohi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!