Iruñeko biztanleek auzoko supermerkatuan erosi ohi dute

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 24a, 07:52

Merkataritzako Plan Estrategikoa garatzeko eskariari eta eskaintzari buruzko ikerlanaren emaitzak sektorteari aurkeztu dizkio Iruñeko Udalak.

Iruñeko bizilagunek euren auzoetako supermerkatuetan egiten dituzte ohiko erosketak, eta Alde Zaharra eta Zabalguneak egiten zaizkie hiriko merkataritza-gune erakargarrienak. Hiriko eta Iruñerriko eskariari eta eskaintzari buruz Iruñeko Udalak egindako ikerlanaren bitartez lortu dira datu horiek, eta diagnostiko bat egiteko baliatuko dira, etorkizuneko Merkataritzako Plan Estrategikoa osatzeari begira. Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek aurkeztu ditu prentsaurrekoan ikerlanen ildo nagusiak, gaur goizean Udalean egin den Merkataritza Mahaiari datu guztiak azaldu aurretik.

Auren enpresak egin du Iruñeko merkataritza-eskaintzari buruzko ikerlana, 850 inkesta, eztabaida-taldeak, aditu-taldeak eta bestelako tresnak baliatuta. Iruñeko eta Iruñerriko merkataritza eskaria ezagutzeko ikerketa, ordea, CIES, SL enpresak burutu du, telefonoz egindako 1.000 elkarrizketa eta kalean egindako 1.410en bidez.

Bi ikerlan horiek abiapuntu izanen dira ekitaldi honetan bertan prestatzeko Merkataritzako Plan Estrategikoa; izan ere, tresna gakoa da sektorearen etorkizuna diseinatzeko datozen urteetara begira. Plan horrek asmo du Iruñeko merkataritza-jardunaren testuingurua zehatz-mehatz aztertzea, auzo bakoitzeko eskaintza bertako eskariari nola doitu zehaztea eta plana bera antolaketa-plan gisa ezartzea, hartara lortuta, batetik erdialdearen egoera sendotzea eta dituen aukerak sustatzea batetik, eta bestetik, auzoetako merkataritza-eremu eta ardatzak garatzea. Halaber, planak baliagarri izan beharko du jarduketa-proposamen egokiak diseinatzeko merkataritza, enpresa eta turismoaren eremuetan, eta jarduketak zehazteko, halakoak non Udalak eman nahi duen merkataritza bizi eta dinamikoaren irudiarekin bat etorriko diren.

Premiak: prestakuntza, belaunaldi-txandaketa eta laguntzak

Sektorearen premiak aztertu ditu eskaintzaren ikerlanak. Premien artean, honako hauei eman zaie lehentasuna: bezeroak berriz ere erakartzea, lehiakorragoak izatea, belaunaldi-txandaketa bermatzea, dauden diru-laguntzen berri izatea eta prestakuntza jasotzea marketinaren eta salmenten arloan, hizkuntzetan eta stocken kudeaketan. Egindako azterlanaren arabera, azalera handiko merkataritza-guneak ezartzeak sektore tradizionalarengan ondorioak izan ditu: fakturazio txikiagoa eta bezero gutxiago izan dituzte, prezioak jaitsi eta establezimenduak itxi beharra.

Gertuko merkataritzaren sektoreak, baina, baditu gabezia batzuk, eta azpimarratu da IKTak erabiltzeko prestakuntzaren beharra, teknologia berriak aplikatzekoa eta erosketei loturiko zerbitzuak garatzekoa. Bestelako ekintzak ere nabarmendu dira, hala nola teknikak abiaraztea bezeroak lortu eta fidelizatzeko zein salmentak bultzatzeko, erakusleihoak eta barne-diseinua hobetzea eta zonaldeko merkataritza-guneek kanpainetan elkarrekin parte-hartzea.

Estrategiak: espezializatzea, merkatu-esparru berriak sortzea eta ekintzaileei laguntzea

Aplikatu beharreko estrategiei dagokienez, sektoreko profesionalek garrantzitsutzat jotzen dituzte honako hauek: negozioen espezializazioa bultzatzea; gero eta eskari handiagoa duten segmentuak bilatzea; merkatu-ikerketak egitea, negozioak ekonomikoki bideragarriak diren jakiteko eta negozioa hedatzeko aukerei buruz; belaunaldi-txandaketa bermatzen duten ekintzaileei laguntzea; irudi komertziala sustatzea zenbait negoziorekin batera, eta tokiko administrazioekin lankidetza hitzarmenak sustatzea. Zentzu horretan, beharrrezkotzat jotzen da merkataritza-ekintzak hobeki koordinatzea hiri-plangintzako tresnekin eta udal-ordenantzekin, eta baita ere, irisgarritasuna eta aparkalekuen-auzia hobetzea.

Tokiko merkataritzak herritarrekiko duen gertutasuna eta hurbiltasuna, espezializazioa produktuari gehitzen zaion balio gisa eta hurbileko harreman espezializatua... horra merkatariek berek azpimarratzen dituzten indarguneak. Hobetzeko aukerak aztertzean, sektore turistikoarekin sinergiak sortzeko posibilitatea aipatzen da, auzoak erosketa-gune gisa ezagutzera emateko programa bat abiaraztea, negozio-ideien banku bat sortzea eta zonalde berean asoziazionismoa sustatzea.

Milioi erdi lagun Iruñetik gehienez ere 45 minutura, eta 2.690 alta JEZen

Iruñeko merkataritza-eskaintzari buruzko ikerketak aintzat hartu du Iruñetik gehienez ere 45 minutura bizi direla milioi erdi bat lagun, eta azalera handiko merkataritza-guneak udalerri mugakideetan kokaturik daudela.

Iruñeko txikizkako merkataritzak % 11,7 egin du behera azkeneko 5 urteetan. Egun, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergan (JEZ) 2.690 establezimendu daude alta emanda, eta ia milioi erdi metro koadro beheko solairuetako merkataritzarako erabiltzen dira. Merkataritza mistoa da nagusi, % 36rekin, eta % bigarren lekuan dira (% 14) elikagai eta edarien eta etxearendako zein pertsonendako ekipamenduen salguneak. Txikizkako merkataritzak JEZen emandako altak kontuan hartzen badira, alta gehien dituzten auzoak Zabalgunea, Alde Zaharra eta Iturrama dira, guztira hiri osoko % 54 hartzen dutelarik.

Beheko solairuetako txikizkako merkataritza, jarduera ekonomikoen % 37

Beheko solairuetako txikizkako merkataritzak Iruñeko jarduera ekonomiko guztien % 36,65 hartzen du. JEZen alta emanda dauden beheko solairuetako establezimendu gehien Zabalgunean daude (% 21,8), Iturraman (% 15) eta Alde Zaharrean (% 10,7). Egun, jarduera ekonomikorik gabeko 1.520 lokal daude, horietatik 290 Alde Zaharrean, 225 Zabalgunean eta 182 Arrotxapean.

Gertuko merkataritzan enpresarien batez besteko adina 48 urtekoa da, 10 urtetik gorako esperientzia izan ohi dute, eta bigarren mailako eta goi-mailako ikasketak. Negozioen errentagarritasun-maila % 30etik beherakoa da, eta lanean informatika-ekipoak eta softwarea baliatzen dituzte. %30etik behera elkarteren baten kide da, % 28k enkarguak onartzen ditu, % 25ek bezeroendako arreta eskaintzen du eta % 12 fidelizazio-txartelak ditu.

Supermerkatuek eta Internet gora, hipermerkatuek eta denda txikiek behera

Merkataritza-eskariari buruzko ikerketak bildutako datuen arabera, Iruñean eta Iruñerrian, auzoetako supermerkatuetan egiten dira ohiko erosketen ia erdia (% 49 iaz, % 51 2012an, eta % 44 2009an). Elikagaien denda txikietan egiten diren eguneroko erosketa txikiek behera egin dute: 2009an % 12 ziren eta 2016an % 3; edonola ere, beherakadarik handiera 2009tik 2012ra bitarte izan zen, 8 puntu erori baitzen, % 4an geratu zelarik. Beherakada hori hipermerkatuek ere nabaritu dute (2009an erosketen % 20 egiten zen hipermerkatuetan, 2012an % 21, eta 2016an, % 9). Udal-merkatuetan beherakada ez da hain nabaria izan: 2009an erosketen % 4 egiten zen merkatuetan, 2012 eta 2016an, % 2.

Aldian-aldiko erosketei dagokienez, % 29 azalera handiko gune espezializatuetan egiten dira (duela zazpi urte % 13, duela lau urte % 27); % 24 espezializatutako denda independenteetan (2009an beste, nahiz eta 2012an %31koa zen). Kateak edo frankiziak datoz gero, eta merkatuan duten presentziak behera egin duela ikus daiteke: 2009ko % 29tik % 21era 2012an; eta % 17 zen iaz. Merkataritza zentroak ere ageri dira zerrendan (2016an, % 11; 2012an, % 8; eta 2009an, % 14). Hipermerkatuek 2012ko egoerari eusten diote 2016an –% 4–, 2009an % 10 izatea lortu ostean. Internet ez da ageri 2009ko datuetan, 2012an %1 hartzen zuen, eta egun, % 4.

Iruindarrek auzoetako supermerkatuak nahiago dituzte ohiko erosketak egiteko

Iruñeko eta Iruñerriko erosleen arteko aldeari erreparatuta, auzoko supermerkatuetan egiten diren erosketen % 52 iruindarrek egiten dituzte, eta % 45, Iruñerrikoek. Iruñerrikoek iruindarrek baino gehiago eroste dute supermerkatu handietan (haiek % 21 eta hauek % 10), eta hipermerkatuetan (haiek % 11 eta hauek % 7).

Aldian-aldiko erosketetan, azalera handiko merkataritza-gune espezializatuak erakargarriagoak dira Iruñerriko bizilagunendako (erosketen % 33) iruindarrendako baino (% 26), bai eta merkataritza-zentroak ere (% 13 eta % 7). Espezializatutako denda independenteen kasuan kontrakoa gertatzen da: erosketen % 27 Iruñeko bizilagunek egiten dituzte eta % 19 Iruñerrikoek; hiriko erdigunean dauden merkataritza-zentroetan, % 12 eta % 7, hurrenez hurren.

Iruñeko biztanleen ohiko gastuen % 84 hirian geratzen da

Ikerlanak aditzera ematen du Iruñean bizi direnek erdigunean egiten dituztela erosketak gehien bat (% 33), Iruñerriko hego-ekialdean eta inguruko gerrikoan (% 15 bietan) eta Iruñerriko ipar-mendebaldean (% 12). Auzoen artean, nabarmentzen dira, baita ere, Sanduzelai (% 11) eta Iturrama-Milagrosa. Iruñerriko bizilagunek, ordea, oso gutxi erosten dute auzoetan: Iruñerriko ipar-ekialdera jotzen dute (% 31), hego-mendebaldera (% 30) eta Iruñeko erdigunera (% 23).

Eguneroko erosketen gastuari dagokionez, batez bestekoaren arabera % 61 Iruñean uzten da eta % 39 Iruñerrian. Bada ñabardurarik: Irundarren kasuan, % 84 hirian geratzen da. Iruñerriko bizilagunek ohiko erosketetarako aurrekontuaren % 31 hiriburuan gastatzen dute, eta gainerako % 69a Iruñerritik kanpo.

Establezimendua gertu egotea lehenesten da elikagai freskoak erosteko unean ( erosketen % 64an), produktuaren kalitatea gero (% 57) eta bezeroari eskaintzen zaion arreta (% 24). Elikagaiak erostean, oro har, gertutasuna da irizpiderik garrantzitsuena (% 67), bai eta drogeriako produktuak erostean. Gertutasunak ez du horren garrantzi handirik aisialdirako (% 26) edo arropa erosteko (% 19), horretarako kalitate eta aukera zabalari (% 33) eta prezioari (% 23) erreparatzen zaio gehien bat. Aisialdiaren kasuan, produktuen kalitateari (% 23) eta aukera zabalari (% 26) ematen zaio garrantzia.

Bezeroari emandako arreta eta produktu aukera-zabala baloratu egiten dira

Non erosi aukeratzeko unean, hainbat faktore aipatzen dituzte elkarrizketatuek: dirua itzultzea posible izatea, saltzaileek arta eta aholku egokiak ematea, gertu egotea, aukera zabala eskaintzea, txartelarekin ordaindu ahal izatea eta eskaintza bereziak egitea. Ez dirudi faktore garrantzitsuak direnik produktu oso merkeak izatea, denda modernoa izatea, eta, erosteaz gain, establezimenduan bertan paseatu edo zer edo zer jan/edateko aukera egotea.

Ez da aldatu kontsumitzaileek merkatari txikiei buruz duten iritzia, eta aurreko ikerlanekoaren oso antzekoa da. 5 puntuaziorik gorena izanik, produktuen aukera zabala eta bezeroei emandako arreta neurtzen duen faktoreari 4,1eko puntuazioa ematen zaio, 4 punturekin baloratzen da garraio publikoz iristeko aukera ematea, 3,9 punturekin ordutegia, 3,8rekin kalitatea eta prezioaren arteko erlazioa eta 2,3rekin aparkalekua dagoen.

Iruña erakargarria da, oraindik ere, erosleen % 59rendako; ehunekoak apur bat behera egin du: 2012an % 65 zen, eta 2009an, % 63. Erosteko tokiak aukeratzeko irizpideak mantendu egiten dira: gertutasuna da irizpide nagusia (%51) eta denden eta produktuen aukera zabala (% 25).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!