Solferino Dorremilarena Eurovisionen, Iruindarren kezkak UPNren arabera eta Kukuxumuxuren afera Tartariarren 11. saioan

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 23a, 19:23

Martxelo Sotes eta Julen Fagoaga Tartariarrek  elkarrizketa surrealistak eta alpistegi erabat bitxia inposatu egin dizkigute berriro aste honetan Irrintzi Plaza saioan. 

 Aste honetan Tartaria saioko sasi-kazetariek Solférino Dorremilarena elkarrizketatu dute, 1961tik  Eurovisioneko teloneroa, hau da  funtzioaren bukaeran teloia lixatzeaz arduratzen dena.

Massiel lehiaketara joan zen urtean soinekoa azken unean kafearekin zikindu zitzaion eta gordeta zituen gortina zahar batzuekin dida batean berria egin zioten. “Eta horrela atera zen Lalalá kantatzera, baita irabazi ere… harro egoteko modukoa izan zen” esan du Solferinok.

Alpistegian jakin dugu Iruñeko Joseba Asiron Alkateak  auzoz auzo antolatutako bizilagun bilerei aurre egiteko, Maia alkate ohiak bilera paraleloak antolatu dituela. Horretarako Iruñeko lau izarretako hotel zentriko batean izanen du aurki zita bertaratu nahi duten iruindar guztiei harrera emateko. Antza bertan kanape eta pintxo goxoak banatuko dituzte doan .

Honekin batera, UPNko prentsa bulegoak adierazi duenez, hiritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak plazaratuko dituzte bertan: San Ferminen irudiaren errestaurazioa eta bere kapa berria, UPNk alkatetza galdu zuenaz geroztik ustezko uholdeen eta haizeteen ugaritzea eta, nola ez, iruindarren bizitza esperantza dramatikoki ehuneko 250ean jaitsi izana azken urte eta erdian.

Saio hau azkenik Maria Caballerok zuzenduko duen debate batekin burutuko da. Bertan egungo alkate Joseba Asiron maltzurra ala oso maltzurra ote den dilema ebazten saiatuko dira.

Nazioarteko politikari doakionean Tartariek aditzera eman digute Nazio Batuen Elkarteak 1234 J5 ebazpenaren berri eman diola Espainiar Gobernuari. Bertan bere inmigrazio politika gogorki zigortzen du Nazioarteko erakundeak.

Raxoi presidenteak jaso du agiri ofiziala, ministro kontseiluaren mahai gainean utzi du, inork ingelesez ulertzen ote zuen galdetuz.

Defentsa ministro Maria Dolores Kospedalgoak CNI (Inteligentzia zerbitzuak… pfff…), CNIren eskutan utzi du, testua itzul dezaten. Oraingoz izenburuarekin ar idira. Halaxe dio izenburuak: New migration policies for southern countries.

Honela itzuli dutena: Poliziek mingrainak dituzte, zuzenean kauntri musika entzuten dutelako.

Udarako ia testu osoa prest izanen dutela adierazi dute espainiar Inteligentzia zerbitzukoek…

Eta bukatzeko Kukuxumuxu kasua aipatu dugute:  Mikel Urmeneta eta bere enpresa ohiaren arteko auzia konplikatu da. Hala adierazi digute: Atzo jakin ahal izan dute alpistegi zerbitzu hauek, honezkero hirugarren batek salaketa jarri duela. Milka txokolate etxeak adierazi du Kukuxumusuko zezen urdinak haien behi morearen plagio hutsa direla. Urmenetak egin berri adierazpenotan, zera adierazi du: “asko zor diot txokolateari. Eta txokolatez more jartzerakoan zezen urdinak ateratzen zaizkit…”

Erlazionatuak

Tartaria 11

Euskalerria Irratia 2017 ots 23 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!