Gobernuak eta Labrit Multimedia ekoiztetxeak "Ni, Arga" dokumentala estreinatuko dute ostegunean

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 20a, 19:57

Euskarazko bertsioa Nafarroako Filmotekan eskainiko da martxoaren 23an eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ere eskuragarri egonen da dokumentala.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak editatu du "Yo, el Arga. Ni Arga" dokumentala, ibaiak ibaiertzean bizi den jendearekin duen loturaren eta haiengan duen eraginaren lehen pertsonan egindako kontakizuna, Alduidesen jaiotzen denetik, Esteribarretik, Iruñeko eskualdetik, Arazuritik, Garesetik, edo Funesetik igaro eta Aragoi ibaian bere urak isurtzen dituen arte zeharkatzen dituen lurraldeen iraganaren, orainaren eta etorkizunaren errepasoa egiten duena.

"Ni, ibai" ikus-entzunezko entziklopediaren parte da dokumentala, eta serie horretako zazpigarren lana da oraingo hau; aurretik, "Ni, Bidasoa" (2010), "ni, Ebro" (2011), "Ni, Ega" (2012), "Ni, Aragoi" (2013), "NI Cidacos" (2014) eta "Ni, Urumea" lanak egin dira, "la Caixa" Gizartekintzarekiko lankidetza-hitzarmenaren esparruan. 45 minutuko iraupena du, euskaraz eta gazteleraz ikus daiteke osorik, eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoaren koordinatuta egin du "Labrit Multimedia" ekoiztetxeak.

"Ni, Arga" dokumentalak Arga ibaiak zeharkatzen dituen hainbat udalerritako hamabost lagunen testigantzak eta elkarrizketak jasotzen ditu (Eugi, Zubiri, Huarte, Atarrabia, Iruña, Arazuri, Etxauri, Ororbia, Gares, Miranda Arga, Faltzes eta Azkoien); halaber, Iruñeko Igeriketa Klubak, Iruñeko Udal Artxibategiak eta Eugiko kontzejuak utzitako argazki zaharrak erakusten dira. 2015eko abenduan hasi ziren errodajearekin, eta 2016ko azaroan amaitu; horrela, ibaiaren lau urtaroetan irudiak eskaintzen ditu dokumentalak, eta urtaro horietako bakoitzean ibaiak duen itxura erakusten. Nabarmentzekoak dira dokumentaleko zenbait pasarte, hala nola 2016ko urriko elurtea Kintoan, nola egiten den mamia Eugin "bonbekin", Arga ibaiko urpeko bizitza eta harriak eta, testigantzei dagokienez, Atarrabiko Cecilia Donazarri (105 urte) egindako elkarrizketa.

 

Aurreikusten da ostegun honetan, hilak 23, aurkeztuko dela jendaurrean dokumentala; Iruñean izango da hori, Golem Baiona zinema-aretoetan, iluntzeko zortzietan. Han izango dira Isabel Elizalde Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilaria, eta La Caixa Fundazioko, Labrit Multimedia ekoiztetxeko eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoko ordezkariak. Egun horretan bertan estreinatuko da euskarazko bertsioa, Nafarroako Filmotekan.

Nafarroako Gobernuaren webgunean ere eskuragarri egongo da dokumentala, eta udaberrian Arga ibaiaren inguruko udalerri batzuetan eskainiko dute.

Arga ibaia

Arga ibaiak 145 kilometro ditu, segundoko 59,76 metro kubikoko emaria, eta 2.760 metro koadro inguruko ibarreko urak hartzen ditu, gehienak Nafarroakoak, Arakilgo ibarreko zati txiki baten salbuespenarekin. Urkiagako lepoan jaiotzen da, Iruñea zeharkatzen du eta, Funes igaro ostean, Aragoi ibaira isurtzen ditu urak, azken hori Ebro ibaira iritsi aurretik. Iparraldean daude arroaren gehienezko garaierak, 1.400 metro inguruko tontor batzuekin, eta ibai-ahoan kotarik txikiena, 275 metrora. Iparralde-hegoalde norabidea nagusitzen da. Bere ibilbidean, Arakil eta Ultzama bezalako ibaiadarren urak hartzen ditu, baita Elortz eta Saladorenak ere.

Arga arroan nahiko parekoa da nekazaritzarako eta hiri-erabilerarako ur-eskaria, eta kontsumo osoaren ia % 39 da Argako uraren erabilera horietako bakoitzerako; industriarako zerbait gutxiago erabiltzen da, % 22. Erabilera tradizional horiei, gero eta handiagoa den erabilera sozialetarako eta ingurumen-erabileretarako eskaria gehitu zaie azkenaldian; hala nola, arrantzarako, bainurako, nabigaziorako eta inguruneaz gozatzeko; horrela, hobetu egin da ur-sistemen ibaiertzen kontserbazioa.

Gaizka Aranguren Labrit Multimedia enpresako arduradunak dokumental honetaz hitz egin zigun Euskalerria Irratian. 

Erlazionatuak

Gaizka Aranguren. "Ni, Arga" dokumentala

Euskalerria Irratia 2017 ots 16 None

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!