Gozokiak eta soka-dantza, San Nikolas elizaren inguruan, San Blas eguna ospatzeko

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 2a, 07:55

Azoka egun osoan izanen da zabalik, eta alkateak eta Udalbatzako kideek goizez bisitatuko dute.

Bihar, ostiralarekin, otsailaren 3an, Iruñeak San Blas eguna ospatuko du. Ohi bezala San Nikolas plazan opilak, gozoak, pastak eta gozokiak saltzeko azoka paratuko da, 09:00etatik 21:00etara. 21 saltokiak San Nikolas plazaren inguruan ipiniko dira, nola plazan hala San Migel kalean. Iruñeko alkate Joseba Asironek saltokiak bisitatuko ditu eguerdiko 12:00etan; bisita instituzionala izango da, eta bertara gonbidatuta izango dira gainontzeko zinegotziak.

Arratsaldean, 19:30ean, soka-dantza izanen da, Duguna-Iruñeko Dantzariak udal taldearen eskutik, San Nikolas zokoan. Bost urtez jarraian daramatzate dantzariek koreografia hori egiten. Dantza-mota tradizionala da, Europako hego-ekialdean Erdi Aroaren amaieratik gutxienez egiten ziren kate-dantza, branle eta farandolen estilokoa, eta dantza-familia haren eskualdez eskualdeko bilakaeraren emaitza da. Euskaldunen artean XVI. mendetik dantzatzen da soka-dantza hau. Urtean bi aukera dituzte herritarrek soka-dantzaz gozatzeko: bata San Blas egunean eta bestea San Joan egunean.

Goizeko 07:00etatik 23:00etara zirkulaziorakorako itxita egongo dira San Nikolas kalea eta plaza, bai eta San Gregorio eta San Miguel kaleak ere (Sarasate pasealekuaren eta Zapateria kalearen arteko tartea). Saltokiak muntatzerakoan tarte nahikoa utzi beharko da larrialdi- eta garbiketa-ibilgailuei pasatzen uzteko. Elikagaien higienea bermatzeko neurri gisa, herritarrei gogorarazten zaie salmentan dauden produktuak jendearen irismenetik kanpo egonen direla, horretarako beira-arasak edo antzekoak erabilita eta, beharrezkoa bada, behar bezala bilduta edo ontziratuta. Ezin da esnegaina edo pastel krema duten produkturik saldu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!