Tokiko Administrazioa Erreformatzeko Plana "zehaztu gabe" dagoela esan du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 20a, 13:59
Argazkia: Adolfo Araizek gaur goizean egindako agerraldia.

Oraindik "ekarpenak eta kritikak" jaso ditzake mankomunitateak desegitea eta eskualdeak sortzea proposatzen duen planak. UPNk esan du Iruñea "desmuntatuko" duela egitasmoak.

Akordio programatikoaren barruan sartutako puntuetako bat izan zen "administrazioen berrantolaketa". Horregatik ekin diote, orain, zein eskualde kopuru eta zer nolako kudeaketa izan daitezkeen egokiak pentsatzeari, Tokiko administrazioa erreformatzeko planaren bueltan. Mahaiaren gainean dagoena da ikustea zein eskema den "eraginkorrena".

Iruñea "desmuntatuta"

UPNk, nonahi ere, eskualdeen berrantolaketa plana oraindik zehazteke dagoen arren, kontra azaldu da. Tokiko mapa erreformatzeak Iruñea "desmuntatuko" duela, eta Mankomunitatea "nahas pilatuko" dela esan du UPNko Iruñeko Udaleko eledun Enrique Mayak.

Eskualde batean sartzea borondatezkoa izatea defendatu dute erregionalistek; izan ere, Iruñearen kasuan, "kalterako litzateke eskualdea", Mayaren hitzetan, eta "zerga gehiago ordaindu beharko lituzke hiriak".

"Gezurra" da

Gezurretan aritzea. Hori da EH Bilduko Araizek leporatu diena UPNko ordezkariei: gogorarazi du, gainera, UPNk berak proposatu zuela, 2012an, sei eskualdetan banatzea Nafarroa, eta oraingo proposamenak, aldiz, ez duela halakorik esaten, baizik eta egitura eraginkorrena aurkitu nahi duela. Zer nolakoa den UPNk adierazitakoa? Bada, EH Bilduko Araizen hitzetan, "tranpa" da.

Finantzaketa nola?

Eskumenei dagokienez, udalek ez dutela gehiago ordainduko eta mankomunitatea autofinantziatzen den gisan, eskualdeak ere autofinantzatuko direla azpimarratu du Araizek, UPNtik egindako kritikei erantzunez. Bestalde, eskualdeen zuzendaritzari buruz, oraindik nola finkatuko diren erabaki gabe dagoela berretsi du EH Bilduk.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!