Oinezkoei lehentasuna emanez "hiri kontzeptua" aldatzeko 32 proposamen egin ditu Iruñeak

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 17a, 13:12
Argazkia: Edurne Egino (Ezkerra), Armando Cuenca (Aranzadi), Joseba Asiron (EH Bildu), Joxe Abaurrea (EH Bildu) eta Itziar Gomez (Geroa Bai)

Besteak beste, I. Zabalguneko autoen joan-etorria “atseginagoa” izateko lanak, Alde Zaharrean zirkulazioa murriztekoak eta Pio XII eraldatzekoak gauzatuko dituzte.

Mugikortasun Jasangarriko Jarduketa Planean hainbat neurri zehatz bildu dituzte: besteak beste, I. Zabalguneko autoen joan etorria “atseginagoa” izateko lanak, Alde Zaharrean zirkulazioa murriztekoak eta Pio XII eraldatzekoak. Era berean, Txantrea eta Sanduzelai auzoetan azterlanak eginen dituzte. Hala, mugikortasun jasangarriagoa lortzeaz ez ezik, "ingurugiroarekiko konpromisoa" azaldu nahi du udalak.

Joseba Asiron alkateak oso garrantzitsutzat jo du gaia, ardatzetako  bat udalaren ekinean: "Mugikortasuna erronka da Iruñeko Udalarentzat". 

Bateratutako ekimena

EH Bilduko, Geroa Baiko, Ezkerrako eta Aranzadiko zinegotziek aurkeztu dute plana, lau alderdiek begi onez ikusitako ekimena dela esatearekin batera. Argitu nahi izan dute, gainera, ez dela kontrajarriko Iruñerriko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko planarekin. Hala, Iruñeko planeko esku hartze guztiak "itzulgarriak edota inpaktu gutxikoak" izanen dira.

2017an, sei proiektu zehatz abiarazi, hamar aztertu eta arauen esparruko bi proiektu eta hiru ekimen jarriko dituzte martxan. Horren barruan dago, adibidez, Arrosadia eta Txantrean ziklo-kaleak eratzea; Iruñean bizikletentzako hiru aparkaleku zabaltzea; eta bizieskola bat garatzea. Bestalde, Pio XII. etorbidean egin beharreko obra finkatuko dute. Eta, ildo berean, bidegorrien oinarrizko sarea aztergai izanen da.

Nolanahi ere, Iruñeko Udaleko mugikortasun plana bidegorriak baino askoz gehiago dela eta askoz harago doala gogorarazi du Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziak.

Ordenantza berria, martxan

Aurten ere, plana garatzeatzeaz gaindi, mugikortasunari buruzko ordenantza berria onetsiko du Iruñeko Udalak, hiru ardatzen bueltan: jasangarritasuna, oinezkoen eta garraiobide osasungarriak eta ibilgailu publikoen erabilpena, pribatuen gainetik.

Gauzak horrela, orain arte Zirkulazio Batzordea izan den hori  izenez aldatu eta Mugikortasun Batzordea izanen da hemendik aurrera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!