Euskarazko eskaintzak eskariak baino txikiagoa izaten jarraitzen du Iruñeko udal haur eskoletan

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 10a, 14:02

> Familien %38,5ek matrikulatuko lukete 0-3 urte arteko haurra euskaraz, baina %26,6k baino ezin izan dute egin, Iruñeko Udalak gaur kaleratutako inkestaren arabera.

> Aurten euskarazko haur eskola gehiago zabalduko ez dituztela esan du Maider Beloki kultura zinegotziak.

Hamabi udal haur eskoletatik lau baino ez dira euskaraz, heren bat; eta, hala ere, iaz baino bi gehiago dira, izan ere, bi eskola ereduz aldatzea erabaki zuen Iruñeko Udalak, eskuinaren kritika artean. Eta, hala ere, Taller de Sociologia enpresari udalak berak eskatutako inkestak frogatu du eskaintza ez dela nahikoa: euskaraz matrikulatuko lituzkete haurrak gurasoen %38,5ek, baina %26,6k baino ez dute aukera izan. Nolanahi ere, "aurten, printzipioz" ez da beste aldaketarik egonen. Maider Beloki kultura zinegotziak esan du iaz egindako aldaketak zertan diren ikusi nahi dutela aurrena. 

"Egin ditugun aldaketa linguistikoak ongi eginak daude, norabide onean gaude". Baikor mintzatu da, iaz hizkuntza ereduz aldatutako bi euskarazko haur eskolak gogoan. Halaber, UPNk ,30 urtean, "euskarazko plaza bat bera" ere atera ez zuela gogorarazi du, "sektarismoa" leporatzearekin bat, euskarazko datuak bildu ere ez zituela egin: "Bazterkeria konfirmatzen da".

1.012 familien hitza

Ume txikiak dauzkaten 1.012 familia elkarrizketatu dituzte haur eskolen egoeraren inguruan eta horietatik haur eskolen erabiltzaileak edota erabiltzaile potentzialak direnen artean, hau da, 304 familien artean, %53 konforme daude hizkuntza ereduarekin.

Inkestaren fokua haur eskolen egoera orokorrean jarri nahi dutela esan du Maider Beloki kultura zinegotziak, ez dutela soilik hizkuntza eredua erdigunean jarri nahi eta bestelako ezaugarriei erreparatu dietela, "gertutasunari, pedagogiari eta azpiegiturei", bestek beste. 

"Kalitatez eskola publikoa nahi dugu, oraingo araudiarekin bat egiten duena, eskaintza linguistiko orekatuarekin eta proiektu pedagogiko moderno eta eguneratua duena", adierazi du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!