Nafarroako Gobernua eta Eusko Ikaskuntza berriz harremanean

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 1a, 19:15
Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektoreak bilera bat egin zuen atzo Nafarroako Jauregian.

Bi erakundeen arteko harremana eta lankidetza finkatu zituzten atzo eginiko bileran. 

Nafarroako Gobernua Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektoreak atzo, asteazkena, egindako bileraren anfitrioi izan zen. Nafarroako Jauregian egin zen, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok parte hartu zuen bertan.

Horrenbestez, bi erakundeen arteko harremana eta lankidetza finkatzen da, azken urteetan etenda izan dena, Ollo kontseilariak bere agerraldian gogora ekarri zuenez. Bileran esku hartu zuen, halaber, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaile Mikel Arregik. Aipatu beharra dago iragan irailean, Foru Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zutela 2016an kultur eta partaidetzako proiektuak aurrera eramateko.

Bileran, alde batetik, Eusko Ikaskuntzak egindako jarduerei jarraipena egin zaie eta haiekin aurrera egitea erabaki da, eta bestetik, lan egiten den etorkizuneko proposamenetan sakondu egin da. EKINEZ proiektuak aipamen berezia izan du; proiektu honek euskal komunitatearen etorkizuneko erronkei erantzun bat eman nahi die abian jarrita dituen azterketa eta ikerketa diziplinarreko zenbait arloetatik.

Nafarroako Foru Aldundia, Eusko Ikaskuntzaren sortzailea

Nafarroako Foru Aldundia Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen 1918an, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiekin batera, komunitate horietako kultur adierazpen guztiak aztertzeko eta zabaltzeko.

Harrezkero, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana etengabea izan da 2011ra arte; urte horretan azkenengo lankidetza-hitzarmena sinatu zen. Iragan irailean sinatutako hitzarmenaren bidez (20.000 eurokoa), Gobernuak ikasketa-erakunde horri urte horretara arte ematen zizkion laguntza ekonomikoak berreskuratzen dira; horrenbestez, Eusko Ikaskuntzak Nafarroako kulturari eta gizarteari lotutako gaiak aztertzeko eta zabaltzeko lanarekin jarraitu ahalko du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!