Gizarte-gastua lehenetsiz 196,5 milioi euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 1a, 19:05

Inbertsioetara 11,21 milioi euro bideratuko dira eta beste 7,5 milioi gehiago aurreikusita daude, mugikortasuna, etxebizitza, auzoak, hezkuntza eta azpiegiturak ardatz nagusi gisa hartuta. Hilaren 30eko osoko bilkuran onartzea espero dute. 

Iruñeko Udalak 196,5 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du 2017rako, 2016an onetsitakoa baino % 1 txikiagoa. Kopurutan, 2017an 1,6 milioi euro gutxiago izanen da gastatzeko 2016an baino. Horretara behartu dute Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen parametroek eta lursailen salmentaren bidez diru-sarrerak eskuratzeko aurreikuspenetan izandako beherakadak. Hala ere, 2017ko aurrekontua 5,3 milioi euro handiagoa da 2015ekoa baino, urte hartakoa 191,2 milioi eurokoa izan baitzen, bi aldaketa onetsi eta gero.

Aurrekontu-proposamenak -gobernu-taldea sostengatzen duten lau taldeek adostu eta Tokiko Gobernu Batzarrean gaur aurkeztu denak- berriro ere egiten du gizarte-izaerako partiden alde, enpleguaren egonkortasunaren alde eta zerbitzuen alde, eta horretarako gastu arrunta lehenesten du: ia 1,5 milioi euro handitu dira 2. kapitulua (erosketak eta zerbitzuak) eta 4.a (transferentzia arruntak), eta horrek hobekuntza ekarriko du zerbitzuetan, eta finantzaketa hobea alorretako eguneroko jardueretan, batez ere, Hiri Ekologiari (+ % 11,4), Kulturari, Hezkuntzari eta Euskarari (+ % 3,66) eta Kontserbazioari (+ % 3,44) dagokienez. 100 eurotik 89,4 euro langileriaren eta gastu arrunten kapituluetarako izanen dira, eta inbertsioetan (6. kapitulua), ordea, 100 eurotik 5,6 euro erabiliko dira. Gainerakoa gastuetarako eta finantza-amortizazioetarako izanen da.

Alorrei dagokienez, gizarte-izaera handienetako alorrek -Gizarte Ekintza, Partaidetza eta Berdintasuna, Hiri Ekologia, Etxebizitza edota Enplegua eta Merkataritza- gastuaren % 43,2 daramate, alde handia ateratzen dietela segurtasun-gastuei (% 15,9), Giza Baliabideei (% 14,3) edota Kontserbazioari (% 14,4).

Gaur aurkeztutako aurrekontuek honako helburu hauei heltzen jarraituko dute: gizarte-gastua sustatzea, erabateko lehentasun gisara; hiri-eredu berri baterantz abiatzea -halakoa non pertsonen beharrek izanen baitute lehentasuna, eta desberdintasunek atzera egin dezaten lan eginen baita-; mugikortasun jasangarriko kontzeptu berri bat sustatzea; sakontzea aniztasunarekiko begirunean; aldaketa sakona bultzatzea emakumeen egoeran, haien ahalduntzea sustatuz, indarkeria matxistak deuseztatuz eta zaintze-lanak balioetsiz; azpiegiturak abiaraztea herritarrekin adostuta, eta herritarren partaidetza eta ahalduntzea sustatzeko prozesuak bultzatzea, oinarrizko kudeaketa-tresna gisa. Hori guztia, genero-ikuspegia ere kontuan hartuz politika publiko guztietan, eta lanari eten gabe eta tinko eutsiz.

 

Agintaldiko proiektuak

Agintaldiko plangintzaren ikuspegitik, 2015ean Udalaren barneko egiturak birmoldatu eta 2016an hiriko proiektuetarako inbertsio-oinarriak finkatu eta gero, proiektu eta azpiegitura handiak bultzatzea ezarri da lehentasun gisara. Proiektu horien artean, lehentasuna izanen dute honako hauek: haur-eskolen sarea eraberritzea (helmuga 2020an jarririk eta 4,5 milioi euro inguruko inbertsioa eginda); hiriko mugikortasuna arautzea (4 milioi euro inguruko aurreikuspena, bizikleta-erreiak, bide jasangarriak eta erdiguneko zirkulazioa atseginagoa bilakatzeko obrak egiteko); udal-etxebizitzen egokitzapena aterperik gabe gelditzeko arriskuan dauden pertsonentzat, ordezko bizitoki gisa erabiltzeko eta alokairu sozialetarako (3 miloi euro inguru, 2020ra arte inbertitzeko); auzoetako herritarren partaidetzaren bidez lurralde-oreka lortzeko inbertsioak (6 milioi euro inguru, lau urtean inbertitzekoak), eta erreferentzia-guneak bilakatuko diren ekipamenduak egiteko obrak.

Ekipamenduetako obren artean hauek dira aipagarri: San Domingoko aparkalekua eta kiroldegia (inbertsioko gastu osoa: 14 milio euro); Arantzadiko parkearen lehen fasea berreskuratzea eta bigarren faseari ekitea (3 milioi euroko inbertsioa); Milagrosa eta Azpilagañako EDUSIrako bultzada (2,5 milioi euro); Geltoki proiektua finkatzea (800.000 euro); Redin eta Cruzatarren jauregiaren birgaikuntza (milioi erdi bat euro), Hiriartea proiekturako bultzada (1,5 milio euro, lau urtean inbertitzekoak).

Birgaikuntzaren, etxebizitza sozialen eta mugikortasunaren alde

Nahiz eta, oro har, 2017ko kontuetan % 1eko beherakada aurreikusten den, aurtengoekin alderatuta, aurreikusita baino diru-sarrera gutxiago lortu direlako lursailen salmentetatik eta diru-sarrerak eta gastuak koadratzeko Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legeak ezarritako betebeharra dela medio, zenbait alor indartu egin dira. Adibidez, Hiri Ekologia -non gastu-aurreikuspena % 19 handitu baita, 10,08 milioi euroraino igota-, hirian mugikortasunarekin lotutako hainbat ekimen abiarazteko, hala nola Pio XII.aren etorbideko bide jasangarriko proiektua zein hori Zabalgunearekin lotzeko elkarbideak, horiek inbertsioaren parte nagusia erabiliko dutelarik. Hirigintza eta Etxebizitzako gastua ere % 6 handituko da, 11,2 milioi eurokoa izanen delarik. Alor horretan, birgaikuntzarako diru-laguntzak eta aterpe-premietarako erabiltzekoak diren udal-etxebizitzak eraberritzeko funtsak dira apustu nagusiak. Azkenik, Herritarren Segurtasunerako aurrekontu-zuzkidura ere% 4 igo da -31,27 milioi euro, guztira- batetik, Bide Segurtasunerako partida berri bat eratzeko, eta, bestetik, Udaltzaingoan hurbileko poliziaren eredu estrategikora aldatze aldera behar diren ekimenei heltzeko.

Kontrako norabidean, Partaidetza eta Berdintasuneko aurrekontuak behera egin du: %13 txikiagoa da eta, guztira, 3,6 milioi eurokoa. Gauza bera gertatzen da Giza Baliabideetan, non aurrekontu-esleipena % 8 jaitsi den, bai eta Enplegua, Merkataritza eta Turismoan -non aurrekontuak % 6 egin baitu behera, 2,27 miloi euro jo arte- eta Hiri Kontserbazioan ere -non beherakada berdinarekin 28,48 milioi euro jotzen baitu gastu-aurrekontuak-. Gutxi gorabehera iaz bezala geldituko dira Gizarte Ekintzako aurrekontua (%1 igoko da, 23,63 milioi euro joko duela), Ogasunekoa (hau ere %1 igoko da, 14,17 milioi euro jo arte), Gobernu Gardenekoa (berdin geldituko da, 9,6 milioi eurorekin) eta Kultura (% 1 eginen du behera, 33,6 milioi euro jo arte).

Lurralde-oreka eta zeharkako ekimenak

Inbertsioei dagokienez, gobernu-taldeak negoziatu ditu hala aurrekontu-proposamen honetan jasotakoak nola maiatza aldean -2016ko ekitaldiko geldikinei esker- bideratzeko aurreikusten direnak. Lehendabizikoetarako, 11,21 milioi euroko partida gorde da, eta bigarrenetarako, Finantza aldetik Jasangarriak diren Inbertsioen figuraren barruan, 7,5 milioi euroko gastua dago zenbatetsita.

Bi deialdietan, bi ardatz dituzte inbertsio garrantzitsuenek. Lehena lurralde-oreka da, hau da, formula bat gastua era berdintsuan banatzeko hiriko alde guztien artean. Eta bigarrena, inbertsioen zeharkakotasuna, hau da, inbertsioek alor gehienekin loturik egotea, nahiz lehentasunezkotzat jotzen diren gizarte-izaera agerikoa duten gastuak. Proiektu garrantzitsuenen artean daude, besteak beste, Hezkuntzakoak, Etxebizitzakoak, Merkataritza sozial eta solidariokoak, Mugikortasunekoak eta herritarrendako guneak.

Inbertsioei buruzko proposamenak, hala lehen fasean nola maiatzerako aurreikusitakoan, partaidetza-proiektuak ere bultzatu nahi ditu, eta 1,25 milioi euro gorde du Finantza aldetik Jasangarriak diren Inbertsioen aurreikuspenetan, espazio publikoak hobetzeko jarduketak egiteko. Jarduketa horiek herritarrek auzoetako eztabaidaguneetan egindako proposamenak izanen dituzten oinarri.

Inbertsioen lehen olatua: 11,21 milioi euro

Aurrekontu-proposamenean jasotako inbertsioek 11,21 milioi euro jotzen dute guztira. Zuzkidura handieneko partidak -alde batera utzita eraikinak birgaitzeko diru-laguntzak (2,16 milio euro) eta urbanizazio-kuotetarako erreserba (1,86 milioi euro)- 900.000 euro jotzen du, eta haren xedea bide jasangarriak egitea da, Pio XII.aren etorbidean egitekoa den esku-hartzearekin hasita -zeinak jarraipena emanen baitie bi zabalguneetan aurreikusten diren aldaketei-. Bigarren partida handiena, 550.000 eurokoa, Udalaren haur-eskolak berritzeko eta egokitzeko planaren lehen faseari heltzekoa da, non lehen lanak datorren ikasturtean hasiko baitira, Haurtzaro haur-eskolan. Gizarte-inbertsioei helduta ere, 300.000 euro bideratuko dira udal-etxebizitzak birgaitzera. Etxebizitza horiek Etxebizitza Bulegoaren esku utziko dira, aterpe-premia duten pertsonen eskura jartze aldera.

Gizarte Ekintzarako, 600.000 euroko inbertsioa aurreikusi da 13 proiektu finantzatzeko. Horien artean aipagarri dira honako partida hauek: 180.000 euro, garatzeko bidean dauden herrialdeetan inbertsioak egiteko programetarako; 100.000 euro, beste jantoki sozial baterako; 80.000 euro, auzo-unitateetan konponketak egiteko eta elikagai-bankuko ekonomatoa eratzeko Buztintxurin, eta 50.000 euro etxebizitzak birgaitu eta beste zenbait inbertsio egiteko, gizarte-enplegu eta lantegi-eskolekin batera.

Jada abiarazita dauden proiektuetan, 498.541 euroko partida bideratuko da Geltoki azoka sozial eta solidarioaren obrak amaitzera, autobus-geltoki ohiaren behekoan. Proiektu horien artean daude, orobat, 203.375 euroko partida Mendillorriko ekipamendu-eraikinaren ondoko aldeak urbanizatzeko lanak amaitzeko, 140.000 eurokoa Trinitariosko autokarabanetarako aparkalekuaren ingurunerako, eta 225.000 eurokoa, hiriko erdiguneko mugikortasuna berrantolatzeko proiektuaren obretarako.

Inbertsioko partida garrantzitsuenen saldoan daude, halaber, Mendillorriko igogailua abian jartzeko 400.000 euroko partida eta bizikleta publikoen zerbitzua berritzeko 100.000 eurokoa.

Maiatzean, bigarren inbertsio-olatua: 7,5 milioi euro

Kudeaketa-parametroen bilakaera onak, zorraren beherakadak, gastuaren euspenak eta superabita izanen delako ziurtasunak bidea eman dute aurreikusteko hainbat geldikin izanen direla 2016ko kontuetan, eta horiei esker ia 7,5 milioi euro inguru bideratu ahalko direla inbertsioetako bigarren olatu batera, zeina maiatzaren bukaeran esleitzeko asmoa baitago, Finantza aldetik Jasangarriak diren Inbertsioen formula baliatuta (bost urtetik gorako proiektuak, non gastua ekitaldi batean eta berean egin behar baita osorik, eta, inbertsioa ondasun higigarri edo higiezinetan eginez gero, birgaikuntza lehenetsi behar dituztenak).

Figura horri men eginda, 17 inbertsio posible proposatzen dira. Haietako garrantzitsuenak 1,25 milioi euro aurreikusten du -eta beste 500.000 euro gehiago, Milagrosa-Azpilagañako EDUSI estrategiakoak- auzoetako espazio publikoak hobetzeko jarduketak egiteko, non hobekuntzak auzo bakoitzeko herritarrek erabakiko baitituzte. Halaber, 500.000 euro aurreikusten dira bizikleta-erreiak egiteko, eta beste horrenbeste, konponketak egiteko, Labriteko zaldainean. Milioi erdi bat euro ikastetxeetan eraberritze-lanak egitera bideratuko dira, eta beste horrenbeste, herritarrek kudeatuko dituzten guneak egokitzera (Redin eta Cruzatarren jauregia, Gaztediaren Etxea, Salestarrak, etab.) Aipagarriak dira, baita ere, 300.000 euroko inbertsioa, Taconeran jarduketak egitera bideratua, eta kopuru bereko beste bat, Jacobacces proiektuari buru ematekoa (Europako finantzaketa ere duena). Inbertsio garrantzitsuenen zerrenda ixteko, 200.000 euroko bat aipatu behar da, Hiriartea proiektua bultzatzekoa, Ziudadelan.

Badira beste proiektu batzuk, halako inbertsioei esker bultzada hartuko dutenak: Erorien Monumentuaren etorkizunari buruzko ideia-lehiaketa (250.000 euro); EDUSI proiektua, Milagrosa eta Azpilagañarako (500.000 euro); San Domingon aparkalekua eta kiroldegia eraikitzeko lanen hasiera (50.000 euro); bizikletetarako aparkatoki berriak (150.000 euro), eta Zabalguneko auzo-unitaterako bultzada (150.000 euro).

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!