Martxoan eginen den Punto de Vista jaialdia zinema-aretotik kanpo berrituko da

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 24a, 19:46
XI. edizioko kartela

Jaialdiak "Hegan egin" izanen du goiburu eta Baluartez gain Gaiarre antzokia, Café Niza eta Café de la Plaza (Baluarte) izanen dira haren egoitzak. 

Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko XI. Jaialdia 2017ko martxoaren 6tik 11ra eginen da; hala, hilabetez atzeratuko da nazioarteko beste zinema-hitzordu batzuekin egokitu ez dadin. Gainera, jaialdiak estreinakoz antzerki dokumentalaren hitzaurre bat izanen du martxoaren 5ean, igandea, inaugurazio ofizialaren aperitibo modura.

Jaialdia Baluarte fundazioarekin batera eginen da berriz ere, eta zuzendaritza, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren esku geratuko da. Hirugarren urtez jarraian, egoitza nagusia Baluarte izanen da aurten ere, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa alegia, nahiz eta oraingoan programazioa beste hiru espazio batzuekin partekatuko duen; eta bertan egingo da "La Quinta Pared" izeneko zikloa: Gayarre antzokia, Café Niza eta Café de la Plaza (Baluarte).

Oskar Alegria izanen da azken aldiz zuzendari artistikoa, jaialdiko programazioaren eta diseinuaren arduradun lau urtez izan ondoren. Punto de Vistako hurrengo zuzendari artistikoa Nafarroako Gobernuak laster deituko duen lehiaketara aurkeztutako hautagaien artean aukeratuko da.

Punto de Vistako antolakuntzak aurtengo edizioan 2016ko balantze ona errepikatu nahi du; urte horretan, jaialdiak hamargarren urteurrena bete zuen, 2015ean izandako urteroko hitzordua berreskuratu zuen, eta historikoa izan zen jendeari –8.000 partaidetik gora– eta hedabideetan izandako oihartzunari dagokionez (prentsan, irratian, telebistan eta Interneten 500 aldiz agertu zen jaialdia). Urteurrenaren urtean ere lortu zen behin betikoz jaialdia hirian finkatzea aldi berean antolatutako hainbat ekintza sozialen bitartez, Katakrak kafetegi-liburutegian gauero izandako zuzeneko kontzertuak eta programak esaterako; horiekin batera, gonbidatu batzuk aste guztian zehar partekatutako hostaletan ostatu hartu zuen, eta Iruñeko establezimendu bat baino gehiagotan jaiak antolatu ziren.

Hiri barrura egindako irekitze horrekin batera, Punto de Vistak hurrengo edizioan atetik kanpora lan egiten jarraituko du zinema eta arteko masterretako ikasleak gonbidatuz.

Berrikuntza nagusia: La quinta pared

XI. edizioan, Punto de Vistak aurreko urteen antzeko atalen egiturari eutsiko dio: Atal Ofiziala –La Región Central izenekoa–, La quinta pared zikloa, atzera begirako tematikoa (Hegan egitea), egile bati buruzko atzera begirakoa, Heterodocsias gure herrialdeko zinemagile bat berreskuratuz, saio bereziekin eta X Films proiektuarekin. Gainera, jaialdiak bere palmareseko ohiko sariekin jarraituko du: Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia, Zuzendaritza Onenaren Jean Vigo Saria, Film Labur Onenaren Saria, Publikoaren Sari Berezia eta Gazteria Saria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!