Iruñeko Udalak Alde Zaharreko gaztetxea hustea kritikatu du bertako Gazte Asanbladak

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 17a, 08:22
Argazkia: Alde Zaharreko gaztetxearen artxiboko irudi bat.

> "Herri mugimenduaren eta instituzioen arteko dialektika" da prozesuaren gakoa, asanbladak kaleratutako irakurketa politikoaren aburuz.
> "Interes alderdikoiak" daudela salatu du, halaber, "batez ere, Geroa Bairen aldetik".

Haren sare sozialen bitartez zabaldu du Alde Zaharreko gaztetxeak utziaraztearen inguruko irakurketa:

Gaztetxeak zabaldutako oharra:

Iruñeko Alde Zaharreko Gaztetxearen azkeneko gertakizunen eta desalojoaren harira, prozesuaren arazo teknikoetatik harago, hurrengo irakurketa politikoa adierazi nahi dugu.

Hasi aurretik, auzokide eta herri mugimenduari Gaztetxearen proiektua bere osotasunean eta nahi moduan ez helaraztearen erantzukizuna guregain hartzen dugu, bere funtsa erregimenaren aldaketa sakona auzokide eta auzoko kolektiboekin batera sustatzea izanik. Egoera hau, hein batean, negoziazio prozesu luzearen ondorio izan da, azken honetan denbora asko eman dugu eta honen ondorioz ezin izan dugu proiektuaren sakontasuna isladatu. Izan ere, proiektuaren sozializazioari baino negoziazio prozesu horri eta espazioaren atontzeari denbora gehiago eskaini diogu.

Halaber, horregatik eta prozesu honetan zehar sorturiko kontraesan eta gaizki ulertzeen ondorioz, irudi publiko manipulatua eraiki da eta gaztetxearen asanbladaren gain akusazio interesatuak egin direla ulertzen dugu. Iruñean, ustez, ematen ari den aldaketaren aurrean proiektua sozialki gutxiestea helburu izan duten hainbat akusazio paternalista eta iraingarri eman dira. Horren aurrean, negoziaketa prozesuaren baitan exijitzen den ardura politikoaren aurrean erantzukizunen jokatu dugula adierazten dugu. Nahiz eta instituzioarekin tentsio uneak egon diren, aldaketa denaren inguruan esfera publikoan lezioak eman ordez, horiek elkarrizketaren bidez ebaztearen alde jokatu dugu.

Prozesuan zehar eman izan zitezkeen akatsen inguruan eztabaidatzeko eta autokritika egiteko ez dugu inongo arazorik, hala eta guztiz ere, proiektua bera arriskua jartzen zen momenturarte lan egiteko betiereko borondatea izan dugula ziurtatzen dugu. Hortaz, hainbat komunikabideetan eta sare sozialetan argitaratu dituzten kontakizun eta akusazioak antzuak eta batzuk zuzenean kaltegarriak direla uste dugu. Izan ere, prozesu honen azpian dagoen eztabaida sakona oztopatzen dute: instituzio eta herri mugimenduaren arteko dialektika.

Era berean, Udaletxeak gaztetxea ixtearen erabakia baztertzen dugu guztiz, eta aldi berean desalojoa, gehien bat udaletxeak gardentasuna eta zintzotasuna eskatu zigunean duela gutxi eta hauen erantzuna aurre abisurik gabeko desalojoa izanda. Aldaketaren alderdi batzuen borondatea egon arren, interes alderdikoiak izan direla argi geratu da, batez ere GeroaBairen aldetik, eraikinaren egonkortasunaren aitzakipean proiektua oztopatzeko presio bidea erabili du, dauden arazoei erantzun adostua eman gabe.

Zentzu horretan, eta Gaztetxeari buruzko salaketa faltsuak argi uzteko, eraikinaren barruko horma nagusiak ez dira inola ere bota eta beti hartu dira beharrezko neurriak eraikuntzaren segurtasuna ikuskapen teknikoaren bidez kontuan hartuz. Hortaz, aho batez salatzen dugu desalojo ­erabaki hau eta uste dugu kalean salatzekoak direla erabaki mota hauek, arrazoi teknikoen mozorropean erabaki politikoak baitaude. Ez bagara herri mugimenduaz baliatzen eraldaketa sozialerako guneak defenditzeko eta aldarrikatzeko, gune horien izaera edozein delarik ere, nola sortuko dugu aldaketa?

Gaur egun, gazteen eta herriaren ahalduntz­e prozesu baten ondoren forma hartzen ari zen Gaztetxeko proiektua etenik gelditu da eta horrek aldaketa sakonago baten oinarri materialak higatzea dakar. Prozesu horien subjektuari kritikak egiteak eta sozialki zilegitasuna kentzeak ez dio mesede handirik egiten eredu soziopolitiko berri bat sortzearen aldeko borrokari.

Ez dugu aldaketa ulertzen ekintza instituzional soil moduan, kalean ematen den borrokaren eta instituzioetan ematen den borrokaren arteko elkarketa bat izan behar duela uste dugu, herri mugimendua erdigunean ezarririk. Aipatutako elkarketa horrek Herri mugimenduaren menpe egon behar du, ez alderantziz. Horren arrazoia da instituzioak ez direla erakunde neutralak; izan ere, askoz zabalagoa den marko politiko eta ekonomiko baten, sistemaren eta harreman sozial zapaltzaileen parte dira. Azken horiek sortu dituzte aipatutako instituzioak, hain zuzen ere, haien buruak iraunarazteko. Horrexegatik, ibilbide instituzionala gainditzen duten borrokak eta proiektuak gaur egungo eredua sakonki aldatu ahal izateko tresnak dira eta, era berean, gure iritziz garrantzi handiko eraldaketa sozial, politiko eta ekonomikoaren eragileak dira. Hori da eraldaketa prozesua benetan blindatu dezakeena.

Horregatik guztiagatik, aldarrikatu nahi dugu Gaztetxearen proiektuak norabide horixe duela, aldaketaren norabidea, instituzioen eta herri mugimenduen arteko dialektika hermetikoa ez den lekua, baizik eta praktikatik eraikitzen den lekua, eta ez zilegitasuna kentzen den lekua. Aldaketa garelako eta ez dugulako borrokan etsiko.

Autogestioa aurrera! Gaztetxeak defendatu!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!