Azaroaren 5ean amaituko da Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketara lanak aurkezteko epea

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 28a, 14:04

Poesia, narrazio laburra eta bertso-paperak modalitateak daude. Hiru sari emanen dira modalitate bakoitzeko, eta beste lau aipamen banatuko aurkeztutako lan guztien artean.

Azaroaren 5ean amaituko da Egile Berrientzako Euskarazko XXVI. Literatur Lehiaketara lanak aurkezteko epea, hiru modalitateetan: poesia, narrazio laburra eta bertso-paperak (bertsoak idatzita aurkeztu behar dira, bertsolaritzaren formazko arauekin bat). Hiru sari emanen dira modalitate bakoitzeko, eta beste lau aipamen banatuko dira aurkeztutako lan guztien artean, kontuan hartu gabe zein modalitatetakoak diren. Aipamen horiek sari ekonomikoa izanen dute lehenengo aldiz. Lehen sariek 2.500 euro joko dute; bigarrenek, 1.000 euro, eta hirugarrenek, 500 euro. Lau aipamen berriek 250 euroko saria dute aipamen bakoitzeko. Sariak ex-aequo eman ahalko zaizkie zenbait lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.

Lehiaketan nafarrak diren edo helbidea Nafarroan duten egileek parte hartu dezakete. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake modalitate bakoitzeko; gaia librea da, euskaraz idatzita egon behar du eta jatorrizkoa izan. Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute parte hartu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Halaber, aurretiaz bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.

Aurkeztutako lanen ezaugarri teknikoei dagokienez, poesia eta narrazio laburren kasuan lanak gutxienez 15 orrialdekoak izango dira, betiere tarte bikoitza utzirik eta alde batetik bakarrik mekanografiaturik. Bertso-paperek gutxienez 25 bertso-ahapaldi izanen dituzte, elkarrekin batasuna osatzen duten gai ezberdinak gara daitezke, betiere, bertsolaritzaren arau formalak betez.

5 kopia, erregistro bidez

Lehiaketan parte hartzeko, lanak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2) aurkeztu behar dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38. artikuluan aurreikusten dituen beste edozeinetan. Lan bakoitzaren bosna kopia aurkeztu beharko dira, izenorde batez sinaturik, zein modalitatetara aurkezten den adieraziz. Kopia horiekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztuko da, non sartuko baitira kasuan kasuko izengoitiari dagozkion egilearen datuak: izen-deiturak, helbidea eta telefonoa. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Epaimahaiko presidente Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria izanen da. Berarekin batera hiru literatur aditu egongo dira, horietako bat, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta. Saria ordainduta, Iruñeko Udalak egilearengandik eskuratuko ditu, beretako bakarrik eta mundu osorako, saritutako lan bakoitzari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!