Pobrezia energetikoa zenbaterainokoa den aztertuko dute Iruñean

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 21a, 07:52

Iruñean 29.000 familia egon daitezke pobrezia energetikoan. Egoera horiei aurre egiteko diagnostikoa eginen du Udalak. 

Iruñeko Udala lehen aldiz ari da osatzen pobrezia energetikoa zenbaterainokoa den jakiteko ikerketa. Izan ere, Nafarroan aurreikuspena da 96.000 lagun izatea egoera horretan, eta horietatik asko, Iruñean, 29.000 inguru.

Heldu den urteko otsailerako ikerketa hori amaitua egotea espero dutela azaldu du gaur Aranzadi taldeko Armando Cuencak. Iruñeko mapa bat eratu nahi dute, ikusteko pobrezia energetiko hori zenbaterainokoa den eta zein tokitan ematen den gehien. Hori izanda, mediazioa egin ahal izatea eta irtenbideak ematea da erronka.

Soziologo adituak ari dira lan hori osatzen, Ion Martinez eta Laureano Martinez. Biak NUPeko ikasleak izan dira. 5.800 euro bideratuko ditu udalak ikerketa hori egin ahal izateko. Behin diagnostikoa eginda, pobrezia energetikoa duten familiak atenditzea eta laguntza ematea da xedea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!